Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
ETXERATEN BERTSO SAIOA OIARTZUNEN

GABONETAKO AULKI HUTSETAN ESERI DIRA BERTSOLARIAK, ZAURIAK UMOREZ IXTERA

ETXERATEK ANTOLATZEN DUEN BERTSO SAIOA EGIN ZEN ATZO OIARTZUNEN 25. ALDIZ, GATIBU DAUDEN 242 PRESOAK GOGOAN. EGAñAK KANTATU MODUAN, ERREPIKATZEKO MODUKO SAIOA IZAN ZEN, BAINA AITZAKIARIK GABE HURRENA: «ITZULTZEKO HAINBAT ALDIZ/ BERTATIK EMATEN DUT HITZ/ BAINA DENONTZAT ASKOSAZ HOBE/ BEHARRIK EZ BALDIN BALITZ».

Mende laurdena bete zuen atzo urtero Etxeratek Errege egunaren bueltan euskal preso politikoen alde antolatzen duen bertso saioak, eta, ezin zuenez bestela izan, puntako zortzikoa taularatu zen Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, Amaia Agirre gai-jartzaile gidari. Agin Laburu, Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe taularatu ziren hitzekin jolastera, batez ere umoretik goia jo zuen saio batean, berau antolatzearen zioa tristea izanagatik ere. Hala bota zuen Enbeitak hasierako agurrean: «Gustora nago baina/ ez nuke egon nahi».

Soto eta Gaztelumendi altxarazi zituen lehenik Agirrek, larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioak hizpide, ETAren eta GALen biktima banak hitza hartuko dutela-eta. Gaia aurkeztu zuen Agirrek: «Julio, Beñatek hala esan dizu: ‘ni edozein aldeko biktima banintz, ez dut uste barkatuko nukeenik. Eta zuk?’»

«Barkazioa, termino horri arreta jarrita nago/ eskatzen oso gauza zaila da/ eta ematen gehiago», bota zuen Sotok, eta añorgarrak erantzun: «Baina norbere kontua ez al da barkatzeko erritua/ gure hiztegiak ez al du behar izatea berritua?/ Vox omen dago amorratua eta PP harritua/ hemen sistema oso bat dago minean oinarritua».

Julio Sotok orain lau urte galdu zuen anaiari eta, oro har, Gabonetako aulki hutsei abestu zionekoa izan zen saioko une gogorretako bat: «Izan daitezke herriko festak izan leike Olentzaro/ Aste Santuko pazko bazkari edo bere urtearo/ egun horiek bi alde dutela ni ere probatuta nago/ nahiz eta mina izaten zaizun sekula baino minago/ falta den hori sentitzen duzu inoiz baino hurbilago».

Gaztelumendi, kartzelatik atera berri, ispiluari begira jarri zuten, eta bere burua ikusi zuen 30 urtera, Andoni Egañaren aurpegian. «Ispilua haustea nola ez zen txantxa/ horrenbeste harresi hainbeste txarrantxa/ zuzenduko al degu daramagun martxa?/ Nik etorkizunean daukat esperantza/ biok jarri gaitezen begira harantza», kantatu zuen Egañak.

Zauriak

Zauriak, itxiturak eta deslotzeak –«Egoerak izan dezan Habanera baten pare/ behingoz bukaera on bat eta errepika gabe», Artetxek kantatua– izan ziren saio osoan zehar. Bukaerako agurrean borobildu zuen Maialen Lujanbiok: «Madril ez da Paris, ez, ez itxaro gauzik/ Europa eskuineratz atzera ez ezik/ Hego eta Ipar munduak ez du falta gaitzik/ baina ez al du ur tantak urratzen harkaitzik/ gure eskutan ez dago ia-ia gauzik/ sinesten dugun hartan ekitea baizik».

Baina zauriak zauri, bertsolariek umoretik jo zutenean gozatu zuten gehien entzuleek. Izan ere, halako saiotan gerta daiteke soilik Gabonetan agertzen den izeba mojak «mekauendios-ka» kantatzea (Lujanbio) bazkarira drogatuta agertu den senideari (Artetxe), aitona sonotonea afinatzen ari den bitartean (Egaña). Porrotx ere agertu zen motxila erraldoi batekin, gurasoak preso dituzten haurrak akordura ekarriz eta, txalo artean, presoak etxeratzeko eskatuz.