Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Nork irabaziko partida azkenean

Txikia nintzenean, neskatila-estandar petoa nintzen: Barbie eta Nancy zale amorratua, bai eta soineko dotoreena, txarolezko zapatena eta makillajearena ere; zorionerako norabide bakarreko gizon-emakume arteko maitasun-istorioekin amesten nuen, pelikuletan eta liburuetan ikasten nituen haiekin; eta nebaren zaletasunak, mutiko-estandarrarenak haiek ere, ez zitzaizkidan batere interesatzen, ezta hari neureak ere. Gure amaren desesperaziorako, gaur egun ama-andana (eta zenbait aita) bezalaxe genero-rol ezarrietatik aske hezi nahi gintuelako, eta, sakonki feminista izaki, ziur nago sufrimendua eragingo ziola ahaleginak ahalegin semea eta alaba hau ezin tipikoagoak izatea, hots, jendarte, merkatu eta publizitate patriarkalizatuak partida irabaztea, gaur egun ama askori bezalaxe.

Izan ere, opariak jasotzeko egunetan, neskatoek beren zaletasunak elikatuko dituzten gauzak desiratzen jarraitzen dute, jakina, eta horiek, oso neurri handian oraindik, jostailu dendetan haientzako eremuan daudenak dira, «nesken gauzak», laburki esanda, neuk umetan nahi izaten nituen berberak. Izan zaitezke munduko andrerik feministena, kritikoena, gauzak eraldatzeko borrokalariena, konprometituena, saiatuena… baina norbere umeen desirak eta espektatibak haurtzarotik bertatik zapuzten hasteak eragiten duen kulpa, ankerkeria sentimendu hori, eutsiezina da. Hala, azkar asko ikasten dugu gure kasuan gauzak bestela egingo genituela uste bagenuen ere ez dela horren erraza feminismoan defendatzen dugun guzti-guztiari loturik heztea, zeinak, era berean, nolabaiteko erruduntasun-sentipena, eta amorru dezente ere bai, eragiten digun gaur egun inguruan umetxoak ditugun emakume ugariri (eta zenbait gizoni).

Partidak zail jarraitzen du, garaitu beharreko makineria sexista osoa boteretsua delako, baina nik neuk konfiantza handia dut haurtzaroan ereiten diren hazietan. Adibidez, gogoan dut zer-nolako etsipena eragiten zidan Gabonetan eta urtebetetze egunetan gure amak liburuak oparitzea, behin eta berriz, jo eta ke; beste zerbait distiratsuagoa, entretenigarriagoa… jasotzeko aukera galdua iruditzen zitzaidan, besterik ez. Aspalditik, aldiz, biziki estimatzen dut hark eginiko ahalegin etengabea neba eta biok irakurzaleak izan gintezen, eta esan beharra dago sobera lortu zuela. Are gehiago, iltzatuago ditut gogoan eleberri eta ipuin haietako zenbait Nancy edo Barbieren aurpegia baino, gure amaren zorionerako, bai eta sen feminista, kritiko eta borrokalaria ere. Ez kasualitatez.