GARA
BAIONA

Komunitate juduak profanazioa salatu du Baionako hilerrian

Deborah Loupien-Suaresek «ekintza koldartzat» jo zuen asteburuan Lapurdiko hiriburuko komunitate juduaren hilerrian egindako profanazioa. Santespiritu auzoko hilerriko dozena bat hilobi hautsi eta uzkaili zituzten, Iparraldeko komunitate juduaren presidenteak berak igandean baieztatu zuenez. Albistea jakin bezain pronto, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza bertaratu zen eta ikerketa bat martxan jarri dutela azaldu zuen.

Deborah Loupien-Suares Ipar Euskal Herriko juduen elkarteko lehendakariak igande honetan jakin zuen zenbait ezezagunek hilerria profanatu zutela. Zehazki, ostiralean, Baionako sinagogan pertsona talde bat sartu zen atea bortxaz irekiz. Auzokide batek Polizia frantsesari deitu zion, eta, ondorioz, egoitza barnean ez zuten ezer hondatu. Hala ere, hilobi batzuk, dozena bat inguru, hondatuta edo suntsituta aurkitu zituzten.

Atzo, France Bleu-Pays Basque irrati publikoari eginiko adierazpenetan erasoa arbuiatu zuen Loupien-Suaresek. «Harridura sentimendua dago hilobi profanatu batzuk aurkitzen direnean. Hildakoei eraso egitea baino ekintza koldarragorik ez dut ezagutzen», ziurtatu zuen.

Komunitate juduaren lehendakariak igandean bertan eman zien gertatutakoaren berri Poliziari zein Baionako Udalari. Berehala bertaratu zen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta ikerketa martxan jarri dute eraso horren erantzukizunak zehazteko. Gaitzespen orokorra jaso du erasoak Lapurdiko hiriburuan. Esaterako, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak publikoki gaitzetsi zituen gertaerok astelehen gauean.

Eraso gehiago aurrez

Juduen hilerria XVII. mendearen amaieran sortu zuten, eta pixkanaka zabaltzen joan da. «Baionan hori gertatzen den lehen aldia da, bertan juduen komunitatea ezin hobeto integratuta baitago aspalditik», azpimarratu zuen Loupien-Suaresek. Hala ere, urtarrilaren 2an hainbat ezezagun sartu ziren, antza, sinagogaren barrutian.

Orain arte, gehiago izan dira komunitate musulmanaren bilgunearen aurkako erasoak. Lapurdiko hiriburuko meskitak hainbat eraso jasan ditu. Eraso horietako bat, hain zuzen, “Charlie Hebdo” astekari satirikoaren aurkako atentatuaren testuinguruan gertatu zen.

Eraso larriena joan den urriaren 29an gertatu zen, Baiona mugakide duen Saint-Martin-de-Seignanx herrian, hain zuzen ere. Fronte Nazionaleko hautagai ohi bat gurtza lekua erretzen saiatu zen, eta une horretan egoitzaren barruan zeuden 74 eta 78 urteko bi pertsona zauritu zituen.