Alfontso DIEZ

Txinako nekazaritza sustatzeko bideoklipak

Ma Gongzuo erlezain txinatarraren adibidea herrialdeko nekazari askorekin gertatutakoarekin parekatu daiteke. Irabazi apalak zituen, harik eta bere eztia saltzen hasi zen arte, Txinan gero eta ezagunagoa den teknika baten bidez: bere produktuen jatorriari eta landa eremuko bizimoduari buruzko bideoklipak grabatzea. Jaten dutenarekin gero eta zorrotzagoak diren herritarrei zuzendutako trazabilitate bideoklip hauek, produktuaren kalitatea erakusteaz gain, pobreziatik ateratzeko bidea ere badira nekazarientzako. «Pixka bat nahi al duzu?», galdetzen du Gongzuok lagun batek eusten duen telefono adimendunaren aurrean, anbar koloreko eztia darion abaraska zati bati hozka egiten dion bitartean. Eszena bere 737.000 harpidedunei helarazten ari zaie Douyin sare sozialaren bitartez. «Txikia nintzenean, nire familia pobrea zen», dio. Orain, aldiz, eztiarekin 2 eta 3 milioi yuan artean (255.000-385.000 euro) irabazten ditu. Batata eta azukre beltza ere saltzen ditu. Internetek, beraz, zeharo aldatu du Txinako nekazari askoren errealitatea.