2020/01/14

Ikerbasquek deialdi berria egin du hogei ikertzaile gazte kontratatzeko

Ikerbasquek Research Fellow programaren 2020ko deialdia egin du, hogei ikertzaile gazte kontratatzeko xedearekin. Bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta Euskal Herritik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da deialdi honen bidez.

GARA|BILBO
0114_eko_ikerbasque

Research Fellow programaren bidez, Zientziaren Euskal Fundazioak «goi mailako ikertzaile gazteen harrobi» bat sustatu nahi du. Programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean ari diren zientzialariak erakartzea (beraien ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, EAEn ikertzen dihardutenei ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Orain arte, 19 herrialdetako 76 ikertzaile kontratatu ditu, 46 gizon eta 30 emakume.

Ezagutza arlo guztietakoak

Ikerbasquek atzo jakinarazi zuenez, ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Fundazioaren webgunearen bidez, martxoaren 24ra arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urterako ikerketa kontratuak eskaintzen ditu. Gainera, azken urtean kontratuak ebaluatuak izango dira eta ikertzaileek aukera izango dute kontratu iraunkorrak lortzeko. «Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da», gaineratu du Fundazioak hedabideei igorritako oharrean.

Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013. urtean Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu zuenean Europa osotik aurkeztutako 64 proposamenen artetik.

Lakuako Gobernuak ere finantzatzen du aipatu programa, haren hitzetan, «Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle».