2020/01/15

Mikel Aramendi
Kazetaria
Alonsotegi, 40 urte
Ez omen zen horregatik, preseski. Baina hari esker gogoratu nuen 40 urte, 40, betetzera doazela. Eta biharamunean bezalaxe gaudela, Alonsotegiko lehendakaria dugun arren...

Suarez Illana ganorabakoa lehengoan bere antzezpentxoa egiten ikusi nuenean, bururatu zitzaidan lehen gogoeta hau izan zen: «Alonsotegikoa aipatzen badiote ipiniko huen, ez entzunarena egiteko...». Ez omen zen horregatik, preseski. Baina hari esker gogoratu nuen 40 urte, 40, betetzera doazela. Eta biharamunean bezalaxe gaudela, Alonsotegiko lehendakaria dugun arren...

Memoriaren saltsatan dabilen lagun zahar batek esaten didana ontzat eman behar izan nuen orduan: «Memoria kontuetan, ama –eta normalean, aita; eta aitona-amonak– eta iragana –hala moduzkoa, usu– ditugun gizaki arruntoz gain, hiru pertsona mota zeudek: jordaniarrak, letetarrak eta venustarrak».

«Jordaniarrak dituk, jakina, Jordan ibaian sartu eta iraganeko hoben guztietatik zurituta geratu direla uste dutenak; horregatik bataiatzen dizkitek, adibidez, borboiak hango urarekin...»

«Letetarrak, noski, Lethe, ahanzturaren ibaia zeharkatu dutelako iragana guztiz ahaztu dutenak dituk: egin zutena edo izan zirena erabat ahaztu egin zaiek, berraragiztatze berri batean baleude bezala».

«Eta azkenik, venustarrak zeudek. Horiek ez omen dituk amaren seme-alabak, baizik jainkosa eder hura bezala, itsasoko kresal-aparretik jaioak...»

Sailkapen bihurri horren arabera, venustarra izango litzatekeela Suarez Illana: Fraga Iribarne, Arias Navarro, Lopez Rodo, Silva Muñoz eta abarren oinordeko alderdian dagoen arren, itsasoko kresaletik jaio dela uste dutenetakoa. Larria da arazoa Adolfo Suarez Gonzalezen semea izatea beste kapital politikorik ez duenarentzat...

Lerdetan ehortzita egon behar duen Suarez haren erantzukizun politikokoak baitira, beste gauza askoren artean, Euskal Herrian azken mende erdian gertatu eta batere argitu eta epaitu gabe dauden bi masakre nagusiak: 1980ko San Sebastian gauekoa, Alonsotegiko Aldana tabernan (lau hildako); eta urte bereko uztailaren 23koa, Bilboko Ametzola plazan (hiru hildako... ofizialki).

Txotxolo batek bere iraganari bizkarra eman nahi izatea ez da harrigarria. Agintari publiko demokratikoek 40 urtez hori bera egitea lotsaizuna izan behar luke.