2020/01/15

«Musika pilulak», euskal musika nobedadeen «mokadutxo bat»
GARA|DONOSTIA
0115_p034_pilula

Bidea egiten ari da pixkanaka NAIZ Irratia eta Durangoko Azokaren zurrunbiloa igarota, euskal musikako azken lanak ezagutarazteko tarte berria abiatu berri du: “Musika pilulak”.

Ane Garcia Lurra taldeko abeslaria da saioaren gidaria. 7 -8 minutuko piezek osatutako podcasta da, «kaleratutako disko bakoitzaren ‘mokadutxo’ bat», Garciaren hitzetan.

Ale bakoitzean, sortzaileak bere azken lanaren inguruko zertzeladak emango ditu eta kantu bat aukeratuko du diskoaren lagin moduan. «Helburua da pilula entzun ondoren entzuleek talde hori entzuten jarraitzea», argitu du Garciak. «Orokorrean musikariek asko eskertu dute beren lana aurkezteko plaza hau eskaini izana. Gainera, horren ezagunak ez diren taldeen kasuan, asko eskertu dute gu haiengana hurbiltzea».

Askotariko eskaintza izango da. Izan ere, kaleratu diren azkenengo diskoak ikusita, euskal musikaren eskaintza gero eta zabalagoa dela nabarmendu du Garciak: «Esango nuke denetik dagoela, eta ez dagoela aitzakiarik esateko euskal musika ez dela askotarikoa. Gainera, orain arte ohikoak izan diren estiloez gain (popa eta ska, adibidez), berrikuntza gogoz dagoen talde ugari aurkitu dut, eta esango nuke euskal kulturatzat dugun horri molde berriak gehitzeko ahaleginean dabiltzala musikari asko».

Astelehenetik ostiralera, musika pilula ale bat zabalduko da podcast plataformetan, “Musika pilulak” izenarekin: Google podcast, Ipodcast, Ivoox eta Spotify plataformetan aditu ahal izango dira, baita NAIZ Irratiaren webgunean ere. Zuzeneko emisioan ere tarte berezia izango dute pilula hauek magazin informatiboaren edizio bakoitzean.

Gure musika NAIZ Irratian

NAIZ Irratiak euskal musika sortzaileen alde egin asmo duen apustuaren adierazleetako bat da tarte berri hau. Aurrez ere bide horretan eman ditu beste pauso batzuk; abuztuan abiarazi zuen “Beste bat” saioa horren adibide. Saio horretan musikariak eurak dira txandaka euren kantu kuttunak eskaintzen dituztenak, «aukera ederra izaten ari da ‘Beste Bat’ saioa gure herriko musikarien erreferentziak zeintzuk diren jakiteko», adierazi du Maite Bidarte saioaren koordinatzaileak.

“Musika pilulak” atalarekin musikaren adarrean irrati berriak egin asmo duen bidean urrats berria egin du, garapena izango duena, Bidartek adierazi duenez, «NAIZ Irratiak euskal sortzaileen etxea izan nahi du».