2020/01/16

Fantasia lurtarra, «sinetsi, ez sinetsi» jokoa da Nerea Loiolaren literatura

Osagai errealak eta fantasiazkoak nahastuz lortzen du Nerea Loiola idazleak uste duguna zalantzan jartzea. Haur eta gazte literaturan murgildu du luma berriro, «Azken lanhütarra» (Erein) lana idazteko. Oraire sortu du, laino artean bizi den izakia, lanhütarra. Hodei gidaria da eta, berari esker, uraren prozesua osatzen da. Azken izakia da baina, gainontzekoak desagertu egin dira; Amets eta bere lagunek zer egin erabaki beharko dute harekin topo egin ostean.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
0116_kul_nerea

Ikusi ezin dena existitzen ez dela baieztatu al daiteke? Gure begiak dena ikusteko gai al dira? Ziur asko ez eta haietatik harago mundu zabal eta ezezagun bat dago. Orairerekin halaxe gertatzen da. Izaki berezia da Oraire, laino gidaria da, lanhütarra. Bere espeziean bizirik gelditzen den bakarra, azkena. Eta guk ikusi ez arren, hodei artean bizi da, uraren zikloa osatzen laguntzeko. Zeren uraren zikloa prozesu natural bat dela irakatsi digute, baina horrela ez balitz? Hori egia osoa ez balitz edo egiaren zati bat baino ez balitz?

Nerea Loiola (Deba, 1985) haur eta gazte literaturara itzuli da “Azken lanhütarra” (Erein) liburuarekin, 2018an argitaletxe berarekin “Harri bat poltsikoan” idatzi ondoren.

«Lanhütarrak lainoetan bizi diren izaki bizidunak dira, eta guk ezagutzen ez ditugun arren, laino gidariak dira. Eguzkia, haizea eta hodeiak arduratzen dira uraren zikloa osatzeaz, hala erakutsi digute behintzat, baina nik diot hori ez dela erabat horrela, lanhütarrei esker gertatzen dela hori guztia», dio idazleak.

Lan honekin, aurrekoarekin bezalaxe, fantasiaren espazioan murgildu da. Zehazten du, ordea, berea ez dela «fantasia fantastiko bat», baizik fantasia erreal bat, lurtarra. «Imajinario batetik abiatzen naiz, baina istorioa hemen eta orain garatzen dut, dela Maulen, dela Zarautzen». Umeen «sinetsi, ez sinetsi» hori gustatzen zaio, errealitateak eta fantasiaren arteko jokoak ematen baitie bidea imajinatzeko, dudan jartzeko, ezinezkoa dirudiena sinisteko… «Joko horrek irakurleengan lortzen eta sortzen duen efektua gustatzen zait», aitortzen dio Loiolak GARAri.

«Elementu erreal horiekin egiten duzu sinesgarriagoa alde fantastikoa, eta horrela egin dezakete hegan umeek… Seme zaharrenak irakurri ondoren aipatu zuen agian benetan egon badaudela izaki batzuk lainoetan. ‘Agian engainatuta gaude eta hor daude’… hori sortzea oso polita da, hori bilatzen dut».

Orairek liburuan oso paper garrantzitsua izan arren, protagonista Amets izeneko umea da. Bere lagunekin batera erabaki beharko du zer egin, Orairerekin topo egin eta bere egoeraren berri izan ondoren…

Idazketaren mezua

Idazten duenean mezurik helarazi nahi ote duen galdetuta, horretan ez duela pentsatzen eransten du idazle debarrak, alegia, hori ez dela ez helburu, ez abiapuntu. «Literatura eta liburu batzuk oso erabilgarriak izan daitezke gauza batzuk lantzeko, baina niretzat horiek desberdindu egin behar dira literaturatik. Nik ez dut pentsatzen zer mezu transmititu nahi dudan ondoren istorioa eraikitzeko; nik sortzen dut istorioa barrenetik sentitu bezala. Gero, noski, istorio guztiek dute mezu bat, sentsatzio bat, irakurlea norabait eraman behar baitu irakurketak, bestela ez du disfrutatuko».

Idazketa bere denbora librean egiten du, ofizioz Matematika irakaslea baita. Ustez kontrajarriak izan daitezkeen bi eremu hauek (matematikaren zehaztasuna, fantasiaren mugarik eza…) erraz justifikatzen ditu Loiolak. «Matematikako irakaslea naiz, bai, baina irakasleak sortzaile izan behar du bere gelan. Ikasleekin harremana izateko, ikasleei behar duten hori emateko, ikasketa prozesuan bidelagun egoki eta aberasgarri izateko… zenbat eta sortzaileago izan, hobeto ikasleentzat».

Gustura sentitzen da Loiola haur eta gazteen literaturaren itsasoan igeri, dio. Hiru umeren ama dela argitzen du eta literatura asko kontsumitzen dute etxean, bai haiei irakurriz, bai elkarrekin irakurriz. «Eroso nago ur horietan».