Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Bikoitza (eta II)

Hamarkada bat igaro da “National Geographic”-ek hartz dantzariaren ospakizunari buruzko argazkia saritu zuenetik; hamarkada bat Dragoik argazkilari profesional gisa jarduten duenetik. Pozik dago maite duen ogibidean arituta, baina gauzak ez dira izan zitezkeen bezain aparteko. Dela komunikabideetatik enkarguak jasotzean dela hasiberriei argazkilaritzari buruzko klaseak ematean, gizonezko argazkilarien moduan ez dutela ikusten antzeman dezake. «Gaztea, tamainaz nahikoa txikia eta emakumea naizelako, sentitzen dut lan bikoitza egin behar dudala saio bakoitzaren hasieran edo irakasten nabilenean egiten dudan horretan ona naizela frogatzeko». Bere buruari inposaturiko zama da une oro %100ean aritzea, baina horren arrazoiak ez dira berak sorturikoak nahiz eta haiek frogatzen zaila den. Hain zuzen, “sentsazio” bati buruz ari da argazkilaritzan, tratuari begira, bere eta bere lankideen artean dagoen aldea azaltzeko. Sentsazioa du ez dutela berdin tratatzen, baina gertatzen dena ez da begiarentzat atzemangarri.

1984an, astekari bateko zuzendaritza postua uztearen erabakia azaltzeko erabili zuen lehen aldiz “beirazko sabaia” Gay Bryantek. Bi urte geroago, kontzeptu hori ezagutarazi zuen “Wall Street Journal”-ek emakumezkoek beren garapen profesionalean dituzten eta ardura postuetara heltzea galarazten dizkieten oztopo ikusezinak azaltzeko.