2020/01/20

Finol eta Etxeberria nagusi Euskal Herriko Ingude Txapelketan

Atzo eguerdian Mungian jokatu ziren txapelketak, bai gizonezkoetan eta baiemakumezkoetan, eta eguraldia lagun izan zuten kirolari zein ikusleek.

Andres OSA «SAKONA»
0120_kir_finol

Atzo eguerdian jokatu ziren Mungian Euskal Herriko ingude jasotze txapelketak, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan. Herriko kalean aurkitzen den probalekuan egin zen, eguraldia lagun izan zelarik.

Emakumezkoak bost ziren eta 10 kiloko ingudea erabili zuten, bakoitzak minutu eta erdiko denbora zuela. Lan bikaina eginez, aurreko markak ondu ziren. Irabazleak, Virginia Finol nafarrak, aipatu denboran 96 jasoaldi eman zizkion. Bigarrena ere nafarra izan zen, Iturengoa hain zuzen, Maika Aristegi (94 jasoaldi). Karmele Gisasola Zelai V.ak 92 jasoaldi egin zituen, Esti Cidadesek 86, eta azkenak, Aiora Otazuak, 66 jasoaldi.

Gizonezkoetan, faboritoa zen Ousmene Drame ez zen azaldu. 18 kiloko ingudea erabili zuten minutu eta erdian eta irabazlea Gorka Etxeberria oriotarra izan zen, 87 jasoaldi eginez. Ondoren Ioritz Pareira (85), Beñat Obieta (75) eta Angel Aristides (68).

Sokatira: Beti-Gazte jaun eta jabe

Larunbatean Burgun jokatu ziren tiraldiak, emakumezkoak 540 kilotan eta gizonezkoak 600 kilotan. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan nagusitasun osoa Lesakako Beti-Gazte taldeentzat izan zen. Emakumezkoetan, 540 kilotan, Beti-Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Bigarren Badaiotz izan zen. Ondoren, Gaztedi Laukizkoa (2,5) eta Txantrea ere berdin (2,5). Azkena, aldiz, Ibarra izan zen.

Gizonezkoetan ere espero zena gertatu zen. Beti-Gazte Lesakakoak tiraldi guztiak irabazi eta aurrena izan zen 7 punturekin. Bigarren, Laukizko Gaztedi (6 puntu); jarraian, Ibarra (5 puntu), Berriozar (4 puntu), Murueta (3 puntu), Txantrea (2 puntu) eta azkena Antsoain (puntu bakarra).

Atzo Altamiran 640 kilotan neurtu ziren gizonezkoak. Bertan Beti-Gazte izan zen irabazlea, tiraldi guztiak irabazita (8 puntu). Ondoren, Ibarra (7), Zuraide A (6), Murueta (5), Zuraide B (4), Txantrea (3) eta Abadiño eta Antsoain 1,5ekin berdinduta.

Urrezko Aizkora Aian

Binakako aizkolarien neurketak eman zuen emaitza honako hau da: bost ariketak burutu ondoren, U. Mugerza eta Julen Alberdi Txikiak 21:04 denbora egin zuten eta R. Saralegik eta E.Otañok 23:30. Emakumeetan, Irati Astondoak bere lana burutzen 7:28 behar izan zuen eta Nerea Sorondok, 5:43.

Azkenik, harri-jasotze txapelketan Xabier Peñak 3.326 kilo jaso zituen eta haren aurkariak, Iñigo Eizagirrek, 3.300 kilo. Neurketa oso estua izan zen.

Aulestin, Bizkaiko kintopeko zaldi probetan, Ibekohondok egin zuen marka handiena (70 untze). Bigarren Garagartza elkartea (62 untze, 1/22,95) eta gero Agarre (57 untze, 1/2).