Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

K2 mendiaren helburua Batura Sar-en prestatzen

Zortzi kidez osatutako espedizio poloniarra Pakistanen da. Karakorumeko mendi horrek 7.795 metroko garaiera du, eta, besteak beste,hamaika kilometroko ertza gainditu behar da. Piotr Tomola zuzendariak dio helburu handia dela, baina, era berean, bideragarria.

Mendebaldeko alpinistekin alderatuta, Ekialdekoek beste filosofia bat dute. Bederen, asmo handiko espedizio bat antolatzerakoan. Horren isla da poloniarrek datorren negurako K2 mendian duten egitasmoa. Neguan igotzeko geratzen den azken zortzimilakoak negu honetan bisita du. Alabaina, poloniarrei “berdin” zaie. Argi dute munduko bigarren mendi garaiena neguan igo nahi dutela, eta horretarako ez dute “presarik”.

Negu honetan Karakorumeko mendi horretan egoteko aukera zuten, baina helburu hori ondo baino hobeto prestatzeko mendilerro berean dagoen Batura Sar-era joan dira. 7.795 metro ditu; beraz, garaiera handikoa da: munduko hogeita bosgarren altuena.

Joan den astean, poloniarrak oso isolatua dagoen zazpimilako horretara abiatu ziren. Taldearen burua Piotr Tomola da, eta zazpi alpinistaz osatutako taldea zuzenduko du: Rafal Fronja, Wojciech Flaczynski, Filip Babicz, Mariusz Hatala, Kacper Kloda, Marco Schwidergall eta Oswald Rodrigo Pereira (zinemagilea).

Aurreratu dugun bezala, K2 buruan dute, baina momentuz oso espedizio gutxi jaso dituen Batura Sar zain dute. Prestaketa fasearen beste urrats bat da. Dagoeneko, batzuk-batzuk egin dituzte, eta Batura Sarrekoak asko eskatuko die. Izan ere, mendi horrek, 4.000 metroko horma izateaz gain, 7.000 metrotik jaisten ez den 11 kilometroko ertza dauka. Eta, jakina, ezin dugu aipatu gabe utzi talde poloniarrak Karakorumeko neguaren gordintasunari egin beharko diola aurre.

Bada, osagai horiek kontuan hartuta, Tomolak zuzenduko duen espedizioa joan den hilaren 14an Pakistango hiriburura heldu zen. K2-rako prestaketa lanetan jardungo badute ere, poloniarrek zazpimilakoaren neguko lehen igoera sinatu nahi dute. Antza denez, orain arte soilik saiakera bat egin da; 1981. urtean, espedizio austriar batena. Gehienez, 6.300 metroko kotara heldu ziren.

«Bideragarria da»

Tomolak hedabideoi adierazi digu asmo nagusia eskarmentu gehiago hartzea dela: «Berez, Rakaposhi (7.788 m) aztertu genuen, baina azkenean Batura Sarrera joatea erabaki dugu. Batetik, oinarrizko kanpalekua oso behean dago eta, beraz, gainditu behar den desnibela handia da; K2-koa baino handiagoa. Eta bestetik, Batura Sarren izango ditugun eguraldi baldintzak antzekoak izango dira».

Bestalde, kontuan hartu behar da Batura Sarrek duen garaiera K2-n neguan lortu den kota baino altuagoa dela. Horrela bada, zuzendariak berak aitortu du esku artean asmo handiko xedea dutela: «Konbentzituta ez bageunde, argi dut ez ginela Batura Sarrera joango. Zazpimilako honek ez du zailtasun tekniko nabarmenik, baina K2 baino iparralderago dago, eta altuera barometrikoa zortzi mila baino gehiagokoa da. Beraz, asmo handiko helburu baten aurrean gaude. Hala eta guztiz ere, uste dugu bideragarria dela».

Zuzenduko dituen espediziokideen inguruan, Tomolak aurreratu du fase guztiak betetzeko prest zeudenak aukeratu dituela: «Hasieran hogei lagunek osatzen zuten taldea. Batzuk erretiratu dira, eta hautatu ditudanentzat uste dut une egokia dela. Batzuek zortzimilakoetan ez dute eskarmenturik, baina Batura Sar garaiera horretatik hurbil dagoenez, espedizio honek eskarmentua hartzeko balioko die. Beste batzuek, berriz, zazpimilakoetan neguan jardun dute. Gainera, oraindik uda aurretik dugu. Eta asmo zentzudunena sasoi horretan K2ra joatea dela dirudi».

Negu honetan K2-n izango direnei buruz, Tomolak honako iritzia eman du: «Segurtasunez joka dezaten eskatzen diet; hala espero dut. Baina kirol ikuspuntu batetik K2 nire zain egotea nahi dut».