2020/01/20

Zaintza lanak hamar bilioi euroko balioa baino gehiago du ekonomian

Oxfamek argitaratu duen ikerketak dioenez, ordainpekoak ez diren zaintza lanen pisua urtean 10 bilioi eurokoa da baina nabarmendu zuen kasik kalkulaezina dela gizarte baten ekonomiaren funtzionamenduan duen eragina. Inork ez balu beteko zaintzarako denbora, komunitate eta lan eremuak «kolapsatu» egingo liratekeela uste du.

Ane URKIRI ANSOLA|DONOSTIA
0120_eg_zaintza1

«Gure bizitzako uneren batean guztiok jaso behar izan dugu zaintza edo jasotzeko beharra izango dugu etorkizun batean; inork ez balu bere denbora emango lan horretan, eguneroko behar hauetan, komunitateak eta lan eremuak kolapsatu egingo lirateke». Esaldi hau kontuan hartu behar da hain gutxietsia den zaintza lanaren garrantziaz ohartzeko. Gutxietsia dela esatea ez da iritzia, ez, zaintza lan asko ez baitira ordainpekoak; eta izanez gero, oso soldata eskasak jasotzen dituzte.

Oxfam erakundeak arlo honi buruzko ikerketa mamitsua argitaratu du Davoseko foroaren irekiera ekitaldiaren bezperan. Zaintza lana duintasunez ordaindua izan behar dela ohartarazi du. Esan gabe doa lan horiek egiten dituzten gehienak emakumeak direla. Oxfamek nabarmendu du lanok egiteak munduko ekonomian duen pisua urteko 10,8 bilioi eurokoa dela, «kontserbatzailea izanda, gutxieneko soldata hartzen baita kontuan eta ez bidezkoa litzatekeena». Adibidez, Erresuma Batuan, urteko balioa 451.000 milioi liberakoa da.

Mundu mailan oso errotuta dagoen sineskeria da zaintza lana emakumeei dagokiela, emakumeak «ohituago» daudela horretara; beraz, beraien zeregintzat hartu ohi da. Badirudi, orokorrean ez dela hartzen estatuen eginbehartzat.

Oxfamen arabera, ordainduak ez diren zaintza lanen hiru laurden baino gehiago emakumeek egiten dituzte. Era berean, ordainduak diren zaintza lanetan diharduten bi herenak, emakumeak dira. Mundu osoan inon ere ez dira gizonak gehiengoa zaintza lanetan.

«Zaintza lana gutxietsia dago eta gobernu zein enpresek ziurtzat ematen dute lan hori egin egingo dela». Hau da, beti dago norbait egin ez den hori eta beharrezkoa den hori egingo duena. Beraz, zertarako inbertitu, inbertitu gabe ere egingo baldin bada? Teoria horren zurrunbiloan gabiltza eta Oxfamek ondorioztatzen du politika neoliberal eta matxistaren eraginez dela. Aberats handienei zerga tasak handitzearen aurkako politikak nagusitzen ari dira eta, beraz, arrakala handitzen ari da. «Erabaki ausartak» hartzera bultzatzen ditu Oxfamek gobernu eta erakundeak, «familia osoa zainduko duen ekonomia sistema bat eraikitzeko».

Lehentasuna eman behar zaio zaintzari. Ameriketako Estatu Batuetan, 16,1 milioi pertsonak (gehienak emakumezkoak) gaixotasunen bat duten pertsonak artatzen dituzte, eta 18.400 milioi ordu bideratzen dira ordaindua ez den lan honetara. Zerbitzu publikoen bidez eginez gero, 232.000 milioi euroko gastua eragingo lioke zergapekoari.

Politika ausartak

Giza gaitasunaren garapena, haurren hazkuntza, helduen atsedena, elikadura egokia, ordainpeko lanak egiteko aukera eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak oneratzea... besteak beste horretan laguntzen dute zaintza lanek, ordainpekoak izan edo ez. Hortaz, aurreko atalean lanon eragina eurotan baloratu badugu ere, Oxfamek argi utzi du ia «kuantifikaezina» dela gizartearen funtzionamenduan duen ondorioa.

Hala ere, globalki –Oxfamen datu gehienak mundu mailakoak dira–, 210 urte beharko dira zaintza lan ordainik gabeak emakume eta gizonen artean modu ekitatiboan banatzeko. Lanerako adina duten munduko emakumeen %42 ez dira ordainpeko eskulanaren parte, ordainik gabeko zaintza lana bere gain hartzen dutelako –%6 dira gizonezkoak–.

Politika ausartak bultzatzeak gehien dutenei gehiago eskatzea esan nahi du, eta inbertsio gisa ikustea orain arte gastu gisa ikusi dena. Mundu mailan dauden aberats handienen %1i zergak %0,5 handituz gero, funts nahikoa sortuko litzateke 117 milioi lanpostu eratzeko hezkuntzan, osasunean eta adineko pertsonak artatzeko arloan.

Eta zerbitzu horiek guztientzat eskuragarri izatea, jakina. Egungo joera zerbitzuak pribatizatzea da, ordea –hor dauzkagu Bizkai eta Gipuzkoako egoitzetako langileak, sistema publiko baten alde, beharginen baldintza duinak bermatzeko–.

Halere, erakunde publikoek esku hartu beharko dute zahartzen ari den gizarte honetan. Ezinbestekoa dirudi: 2050ean arreta beharko duten 100 milioi adineko gehiago egongo dira; era berean gehituko dira mendekotasun egoeran diren 6 eta 14 urte bitarteko haurrak. Egun, errenta handia duten herrialdeetako biztanleriaren %20k 60 urte edo gehiago du eta hamabost urtean %40ra helduko da.

Nazioarteko Diru Funtsak gobernuak estutu ditu politika publikoetan murrizketak egiteko, batez ere Ekialde Ertainean eta Afrika iparraldean, sekula kontuan izan gabe politika publiko horiek emakume eta haurrengan duten eragina. Gastu publikoaren murrizketak emakume eta haurren ongizatea kaltetzen duela egiaztatuta dagoela ziurtatzen du Oxfamek. Emakumeen Eskubide eta Garapenerako Elkartearen (AWID, ingelesezko sigletan) ikerketa batek dio aurrekontu krisi batek emakumeei arrisku handiagoa eragiten diela indarkeria matxista jasateko, lana galtzeko, lan eskasak onartzera behartuta egoteko edota pentsioak galtzeko. Era berean, gastu publikoa murrizten denean areagotu egiten da emakumeek egiten duten zaintza lana.

Etxeko langileak

Batez ere, ordaindu gabeko zaintzaz mintzatu gara orain arte; hori gehienetan senitartekoak zaintzeko hartutako denbora izan ohi da. Badago beste sektore bat, zahar etxeez gain –hauek ere ez baitaude herritar guztientzat eskuragarri eta batzuk topera beteta baitaude–, mendeko pertsonak artatzen dituena. Etxeko langileen kolektiboa da. Lan erregimen orokorrak langileen %10 babesten du eta %90ek ez dute prestazioetarako eskubiderik –gaixotasun edo amatasun bajak, kasu–.

Oxfamek jaso dituen testigantzen artean dago Regina (izena asmatua da). Adierazi zuen egunero 6.00etatik 23.00etara bitartean egiten zuela lan Erresuma Batuko etxe batean eta ez zuela jaso ordainsaririk; alta, abusu sexualak pairatu zituen.

Baina ez gara urrutira joan behar gutxietsiak direla jabetzeko. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak urtero biltzen ditu estatistikak. 2018an erdiak baino gehiago Europa kanpoko herritarrak ziren eta %30 ez zegoen egoera erregularrean –hau da, papergabeak ziren–.

Gizarte Segurantzako erregimen berezian daude etxeko langile hauek eta lan baldintza kaskarragoak dituzte. Gehienez, etxe barruko langileek astean 60 orduko lanaldia dute berez; errealitateak dio %72k 60 ordu baino gehiago egiten duela lan.

Oraindik ere %37k eskura jasotzen dute dirua –ondorioztatu daiteke ekonomia beltzaren barnean sartzen dela– eta %20k ez dute nominarik.

Kontuan hartu behar da langile hauen lanak ireki dizkiela lan merkatuko ateak beste emakume askori; emakume migranteek hartu dute, gaizki baloratua, emakume autoktonoen ordainik gabeko zaintza lana. Gogoratu, «gobernu zein enpresa pribatuek ziurtzat jotzen dute lan hori egin egingo dela».

117 milioi lanpostu > Munduko aberats handienen %1i dagozkien zerga tasak %0,5 handitzearekin funts nahikoa bilduko litzateke 117 milioi lanpostu sortzeko hezkuntzan, osasunean eta adinekoak artatzeko alorrean.

12.500 milioi ordu > Mundu globaleko emakumeek egunean 12.500 milioi ordu eskaintzen diote ordaindu gabeko zaintza lanari. Hau da, 2.000 milioi pertsonak ez dute ordainsaririk jasotzen zortzi orduko lanaldiengatik.

ZEELANDA BERRIA


Zeelanda Berriak «ongizatearen aurrekontua» onartu zuen 2019an. Uruguaik, bestalde, zaintzarako sistema nazionala eratu du zaintzeko eta zaintza jasotzeko eskubidea ziurtatzeko. Hor lan egiten dutenen baldintzak ere bermatzen ditu sistemak.

DENBORA POBREZIA


«Denbora pobrezia» adiera jaso du Oxfamen ikerketak. Ordainpeko lanean, ordainik gabekoan edo etxeko lanetan emandako ordu luzeengatik, norbere burua zaintzeko –atseden edo aisialdirako– astirik ez edukitzea esan nahi du denboran txiroa izateak.