Halstatt: 774 biztanle eta 3 milioi bisitari

Autobusez, autoz, trenez zein ferryz iristen da, egunero, bisitari uholdea Hallstatt herrira. Gehien-gehienak ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen –osteratxo bat egin eta argazki batzuk ateratzeko adina–, eta alde egiten dute. Etengabeko aglomerazioa bizilagunak narritatzen hasi da. Alexander Scheutz alkateak esan duenez, heldu den maiatzaren 1etik aurrera mugatu egingo da autobus kopurua, eguneko 54ra gehienez –75 eta 95 artean iristen dira egun batzuetan–, are gutxiago izateko itxaropenez. Hein handi batean Hallstatt turismotik bizi dela jakitun da auzapeza, baina «gehiegizko» bisitari kopuru hori «nabarmen» murriztu behar dela uste du. «Gure arrakastaren biktimak gara nolabait», aitortu du. 1997tik dago herria Unescoren Gizateriaren Ondare Kulturalaren zerrendan eta azken urteotan munduko herri politenen zerrendetan sartu izan da. 2013an Txinako enpresaburu batek bere herrialdean Hallstatten erreplika bat egin izanak bereziki ugaritu zuen turisten kopurua. Udalaren datuen arabera, Austriako herrixka honetako biztanle bakoitzak turismo masiboaren Europako ikur den Veneziak baino 25 aldiz bisitari gehiago “jasaten” ditu egunean, 8.000 eta 9.000 artean (hau da, urtean 2,9 milioi). Herritarrengan tentsioa, ezinegona eta haserrea areagotzen ari da eta, hortaz, alkateak behin eta berriz azpimarratzen du bisitari kopurua heren bat murriztea «laguntza handia» litzatekeela.