Jon ORMAZABAL
PILOTA

Amorruz eta kezkaz hartu dute erabakia Hendaian

Endaiarrak klubeko lehendakari Mikel Larraldek onartu du Bengoetxeak ez jokatzeak kalte egingo diela.

Baikok Oinatz Bengoetxea Binakako Txapelketako jardunaldi honetatik kentzea erabaki izanak hautsak harrotzen jarraitzen du eta, Leitzako pilotariaz harago, azken hamar urte hauetan jaialdiak kontratatu duen Hendaiako Endaiarrak kluba da nahaste honen kaltetu nagusietako bat. Mikel Larraldek, taldeko lehendakariak, GARAri adierazi zionez, berria jakiterako 500 bat sarrera salduta zituzten, atzo beste 200 inguru saltzeko itxaropena zuten, baina jasotako telefono dei ia guztiak, haserre, bihar frontoira joango ez diren zaleenak izan dira.

Kolpea irensteko ahaleginean harrapatu zuen GARAk Larralde eta onartu zigun dena pikutara bidali eta jaialdia bertan behera uzteko gogoa ere izan dutela, baina azkenean «gure bidean jarraitu eta aurrera egitea erabaki dugu». Izan ere, 10 urte inguru daramatzate data hauetan jaialdiak antolatzen, Ipar Euskal Herrian bakarrak dira –Xalarekin 2011ko Buruz Burukoaren atarian izandako liskarrek kalte handia egin zioten Bidasoaz iparralderako merkatuari– eta, gainera, «gu zintzoak gara eta babesle eta Udalarekin hartutako konpromisoak beteko ditugu».

Azken saiakera

Gauzak horrela, azken orduetan bi arlotan jarri dute indarra. Hasteko, inguruko pilotazaleei gertatutakoa azaltzen saiatu dira, «hemengo zaleek ez dute eta deus ulertzen. Partidak-eta telebistaz jarraitzen dituzte, baina askok Baiko zer den ere ez dakite», azaldu zuen. «Guk gauzak ondo egin ditugu, babesle bat lortu genuen, Udalaren laguntza ere jaso dugu eta kolpea bat-batean etorri zaigu, ez digute ezer abisatu eta aldaketaren berri ere prentsaren bidez jakin dugu», gaineratu zuen.

Gauzak gehiago korapilatze aldera, jaialdiaren antolakuntza Asperena da, baina pilotariak eta horiek aldatzeko erabakia Baiko enpresarena izan da. Azken honekin bereziki minduta azaldu da, saiatu arren, ez dutelako Bilboko enpresako ordezkari bakarrarekin ere hitz egitea lortu. Aspeko Fernando Vidarterekin izan dute harremanik eta bere bidez saiatu ziren, azken ordura arte, Baikok bere erabakian atzera egin zezan. Alfer-alferrik. Eibartarrak bilera omen zuen atzo Baikoko Joserra Garairekin, baina ez zuen Oinatz Bengoetxeak bihar Hendaian joka dezan lortu.

Eta Hendaia eta inguruko pilotazaleek bazuten leitzarra bertatik bertara ikusteko gogoa. Orain hiru urte aritu zen bertan Bengoetxea VI.a Larunberekin batera eta gerora txapeldunak izango ziren Irribarria-Rezustari 22-16 irabazi zieten, aurrelariak maila bikaina emanda.

Inork ulertzen ez duen erabakiaren ostean, Victorrek hartuko du leitzarraren lekua. Endaiarrak klubeko sosei begira zuloa igarriko dute, bihar egin beharko kontuak, baina Iparraldeari begira emandako itxurak ere asko kezkatzen du Mikel Larralde.

Victor: «Oinatzek gozatzeko esan dit»

Harrituta hartu zuen Victor Estebanek bihar Hendaian jokatzeko agindua. «Ez nuen inondik inora espero. Asteartean eman zidaten abisua. Ni ere izan naiz orain Oinatz dagoen egoeran –orain bi urte Lasok hartu zuen bere lekua– oso gaizki pasa nuen eta ziurrenik berarentzat ere ez da batere erraza izaten ari. Kideak gara, baina baita profesionalak ere eta enpresak esandakoa egin behar dut. Mariezkurrenari laguntzen saiatuko naiz eta, bide batez, Oinatzi berari ere bai, bikoteko postua berea da eta», azaldu zuen errioxarrak material aukeraketaren ostean.

Izan ere, enpresatik aste honetan bakarrik jokatuko duela esan diote. «Nik ere ez dut galdera gehiagorik egin».

Ezkaraikoak izan du Bengoetxearekin hitz egiteko aukerarik eta «animoak eman eta aukera gozatzeko esan dit. Oso pertsona baikorra da, dena onera hartzen du. Eredu bat da, asko daukagu ikasteko berarengandik alor horretan».J.O.