A. G.
Euroliga

Baskoniak «jarraitutasuna» nahi du Khimki irregularraren aurka gailentzeko

Oraindik ere Luca Vildoza gabe, Kirolbet Baskoniak Khimki talde errusiarra hartuko du gaur gauean Buesa Arena pabiloian, 21.00etan. Euroligan atzean ari da geratzen talde gasteiztarra, hamabosgarrena baita 7-13 balantzearekin, eta lehiaketako talde irregularrenetariko bat izango du aurkari.

Ongi ezagutzen du Dusko Ivanovicek talde errusiarra, bertoko entrenatzaile izan baitzen duela gutxi. Badaki jakin Alexey Shved antolatzailea dela Moskukoen buru. «Euroligan dagoen jokalari onenetakoa da. Puntu asko sar ditzake, baina ez hori bakarrik, jokoa ederto ikusten baitu», onartu zuen Montenegroko entrenatzaileak.

Baina badaki, bestalde, errusiarrek irregulartasuna dutela beren etsai nagusia. Hala ulertzen da Khimki zortzi onenen artetik erori izana, hamargarren baitoa, 9-11 balantzea aldean. «Talde serio batek zeozer egin nahi badu, minutu guztietan maila onean aritu behar du», ziurtatu zuen Ivanovicek.

Joan den igandean Real Madrili irabazi osteko euforiarik edo ba ote den galdetuta, berriz, seriotasuna Ivanovicengan. «Galtzen denean atzera begira geratu ezin den bezala, irabazi ondoren ere ezin gaitezke atzera begira geratu. Lanean aurrera jo behar dugu», bota zuen.