Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Begi bistan

Hotzarekin batera elurra etor daitekeela diote. Oraindik eskularruak jantzita dituzula piztu duzu irratia eta tentuz ibiltzeko egunak direla gehitu du esatariak. Zuri begira ote dagoen pentsatuz sartu duzu lehen martxa eta abiatu zara termometroa dardar batean duen autoan.

Berandu da, baina ezin izan duzu lehenago amaitu eta orain bidaia luzea duzu aurretik. Kasik hutsik dago errepidea eta zu bezain larri gurutzatu dituzun kotxe eskas horietako gidari zoroei zer demontre gertatu ote zaien asmatzen saiatu zara. Baina gutxiegi dira eta bururatu zaizu entretenigarriagoa izanen dela errepide bazterrean utzitako herrietan piztutako etxeen berora gordeta dauden bizitzak irudikatzen hastea, bidaia samurragoa egin nahian edo.

Piztutako argi bakoitzaren atzean diren istorioak irudikatzeak badu zerbait erakargarria. Akaso, gureak bezalakoak besterik ez dira eurenak ere, baina badu zerbait zirraragarria. Eta orain, bereziki. Neguan, ederra da lurrunez betetako kristalen atzean zer ezkutatzen den irudikatzea.

Horretan zabiltzala hasi da albistegia. Zure adineko gizonezko baten gorpua atzeman dute banketxe bateko atarian. Egunak zeramatzan hiru metroko kristalaren atzealdean lotan eta ezin izan dio hotzari aurre egin. Hilik agertu da. Akaso, horren begi bistan zegoenez, inork ez baitu haren bizitza irudikatu nahi izan. Horren begi bistan zegoen, inor ez baita berarekin arduratu.