Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Gordailuan egingo dute lo

Daniel Txopitea (1950-1997) artistaren hogei margolan utzi ditu bere familiak Gordailuan; bertan gordeko eta zainduko dituzte, bertan egingo dute lo, alabak aipatu bezala. Akordioa komodatu erregimenean egin da; alegia, jabetza familiarena da, baina erakunde publikoak eskumena izango du erakusketetara eramateko. Bost urte igarota margolan bat dohaintzan emango dute eta pieza batzuen zaharberritze lanetan parte hartu ahal izango dute.

Goizegi ailegatu zitzaion heriotza Daniel Txopitea artistari, 1997. urtean. 47 urte baino ez zituela zendu zen minbiziaren ondorioz. Gazte joan zen baina ibilbide oparoa izan zuen, eta askotarikoa. Eskultura, pintura eta literatura landu zituen, baina bere jakin-min artistikoak harago joan ziren. Besteak beste, Debako Eskola deritzonaren parte izan zen eta Gorutz taldea sortu zuen, Fernando Beorlegi eta Iñaki Larrañagarekin batera. Donostiako Altxerri arte galeria ere zuzendu zuen, 1987. eta 1990. urteen artean. Hau guztia, ordea, egin zuenaren sintesi bat baino ez da.

Utzi zuen ondarea garrantzitsua da eta familiarentzat hori guztia ondo zaindu eta kontserbatzea lehentasuna da. Bide horretan, Begoña Celaya alargunak eta Ainize Txopitea alabak Gordailuaren eskuetan (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa) uztea erabaki dute, akordio bidez. Atzo Aldundian bertan azaldu zutenez, komodato erregimenean egin dute eta hamar urteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin. Honen arabera, koadroen jabetza familiarena izango da baina, Gordailuak zaindu eta kontserbatuko dituenez, erakusketetarako maileguan uzteko eskumena izango du. Bost urte pasata, familiak margolan bat dohaintzan emango dio Gordailuari. Guztira, hogei koadro utzi ditu familiak, 1973. eta 1996. urteen artean margotutakoak.

«Urratsa egiteko erabakia hartu dugu, amak eta neuk, besteak beste, espazio arrazoi logiko batengatik. Neu ere sortzailea naiz eta aitaren obra eta nirea propioa gordetzeko arazoak genituen. Aurrerantzean, Gordailuan egingo dute lo; hala esatea gustatzen zait», adierazi zuen Ainize Txopiteak, artistaren alaba bakarrak.

Gordailuako Carlos Olaecheak baieztatu zuenez, artelan batzuek zaharberritze lanak beharko dituzte, nahiz aurrerantzean baldintza hobeetan gordeko diren. Horietako batzuk duela 40 urte margotu zituen Daniel Txopiteak eta, beste zenbait, alabak kontatu zuenez, «oso delikatuak dira» margolariak erabili zuen tratamendu motagatik. «Aitaren obraren inbentarioa ez dut modu zorrotzean egin; gainera, denetarik dago: serigrafiak eta marrazkiak ere baditugu, margolan handiak eta markorik gabeko txikiak… denbora gehiago igaro dut koadroekin hizketan haiekin zenbakiak egiten baino. Horretaz askoz hobe arduratuko da Gordailuako talde teknikoa».

Banaketa nola egin duten eta «pisuzko koadroak» non uztea erabaki duten galdetuta, hala azaldu zuen: «Dena begiradaren araberakoa da eta denborak eragina du horretan. Margolan batzuek garrantzia denboraren joan-etorriarekin hartzen dute; beraz, esango nuke banaketa orekatua egin dugula. Geuk ere obraren parte nabarmena badugu».

Egitasmoaren bokazio publikoa ezin ahaztu; finean, obra batek balioa hartzen baitu gizarteratu eta publikoa horren parte egiten denean. «Guretzat oso inportantea da Gipuzkoa osoko ikuspegi bateko bilduma edukitzea –adierazi zuen Olaecheak–. Alde batetik dago San Telmo museoko bilduma handia eta bestetik, Foru Aldundiarena. Guretzat ohorea da Txopitea familiak pentsatzea Gordailua dela lekurik onena kontserbatzeko, eta hori da misioetakoa bat. Baina, dudarik gabe, beste misioa gure eskuetan dagoen obra ezagutaraztea eta horiek mugitzeko ahaleginak egitea da».

Transzendentea eta originala

Ainize Txopiteak ez daki bere aita zenaren obra definitzen. Bere hitzetan, ez baitaki hura begiratzen, sentitzen baizik. Hala ere, bi hitz erabili beharko balitu, «transzendentea eta originala» aipatzen ditu. «Uste dut berak bazuela diskurtso propio bat euskal erritual herrikoiaren inguruan. Eta bazen pertsona bat bere burua harritzea gustuko zuena, baita ingurukoak ere. Koadro definitibo bat aurkeztu baino lehen galdera bat planteatzen zien. ‘Hau naiz ni eta hau da egiten dudana’. Agian bazuen modu oniriko bat eta erraietakoa bere emozioak, bere momentu historikoa eta bere lurraldea ulertzeko».

Aipatu zuen bezala, 16 urte baino ez zituela hasi zen margotzen Daniel Txopitea eta 30 urteko ibilbidea izan zuen. «Gaur egun denborarekin pisua irabazten duten koadroak egin zituen. Sortu ziren momentu historikoagatik dira garrantzitsuak eta gure ardura da ondare hori zaintzea».