GARA
Mutriku

Ibilgailuentzat ireki dute Mutriku eta Deba lotzen dituen errepide berria

Urtebete baino gehiago iraun du Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepideko obrak, eta otsailaren amaierara arte bukatuko ez duten arren, atzotik aurrera ibilgailuentzat irekita dago. Errepide berriko lanek 10 milioi eurotik gorako aurrekontua behar izan dute.

Alkoleako tuneleko lanak amaituta, Deba eta Mutriku lotzen dituen errepide berria ibilgailuentzat ireki zuten atzo. Iazko urtarrilaren amaieran hasi zituzten obrak, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan zuenez, otsailaren bukaeran amaituko dituzte lanak behin betiko. Orotara, 10 milioitik gorako aurrekontua behar izan du obrak.

Olanorekin batera, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako sailburuak Mutrikuko GI-638 errepideko obrak bisitatu zituen. Esan zutenez, aurrerantzean, trafikoa bide horren trazadura berritutik ibiliko da, eta, horrela, mutrikuarrek «lotura moderno, seguru eta lehiakorra» izango dute. «Mutrikurekin eta inguruko biztanleekin genuen zor historikoa kitatu dugu horrela», adierazi zuen Markel Olanok.

Nabarmendu zuen, bestalde, errepideak lurraldeko gainontzeko herriekin eta Mendaroko ospitalearekin lotzen duela Mutriku, eta lurralde orekak foru Gobernuarentzat duen garrantzia aipatu zuen: «Gure helburua da Gipuzkoako biztanle guztiek, bizi diren tokian bizi direla, oinarrizko zerbitzu berberak izatea. Errepide hori berritzeak Mutrikurako sarbidea hobetzea dakar, eta horrek eragin zuzena du udalerriaren lehiakortasun ekonomikoan eta bertako biztanleen bizi kalitatean».

Oiarbidek azaldu zuenez, zenbait lan amaitzeke daude oraindik, hala nola garbigunearen aurreko plataformari eusteko horma, seinaleen erremateak, euste eta argiztatze sistemak, espaloiaren zoladura eta Ondarbeltz hondartzako hormaren estaldura. Lan horiek egin ahal izateko, zirkulazio erreietako bat okupatu beharko dela ohartarazi zuen.

Oinezko, auto eta bizikleta

40 metroko altuera zuen Ipitxarriko paretaren erauzketarekin batera, Alkoleako tunela, 106 metro luze dena, obrako puntu kritikoenetako bat izan dela segurtatu zuten. «Tunel honi esker, trazadura nabarmen hobetuko da puntu honetan, eta gidariek ez dute Alkoleako puntatik zirkulatu beharko, haren bihurgune itxiek zaildu egiten baitzuten bidea, gidarientzako arriskua areagotuz», esplikatu zuen ahaldun nagusiak.

Otsailean errepide berria irekitzen dutenean, trafikoa trazaduratik mugituko dela jakinarazi zuten Olanok eta Oiarbidek eta, beraz, oinezkoentzako pasealekua ere amaituko dela.

Horrez gain, Ipitxarrin eta Alkolean lurrak txukunduko dituztela iragarri zuten, eta ibilgailuak aparkatzeko guneak ere egokituko dituzte. Esan zutenaren arabera, aparkaleku horiek bateragarriak izango dira oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriekin.