Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Kantu zerrenda

Beste gai hoberik ez, eta inspirazioko ajea disimulatzeko, zutabeari aurre egin behar horretan, lanera nindoala, kantu dedikatuen zerrenda imajinarioa eraiki dut pedalei eragiten nien bitartean. Horrela, kantuak eskaini dizkiet han eta hemen ibilbidean zehar topatu ditudanei. Ea gai zaren, irakurle, kanturen bat eskaintzeko zerrenda honetako protagonistei.

Adibidez, (07.50) AHTko lanak direla eta, moztutako errepidearen ordezko gaineko pasabidea bizikletan ez igarotzeko agindu didan zaindari arduratuari. (07.52) Aurrerago, aldapa eramangarri bakarra zegoen lekuan pendiz kopurua, eta portzentajea, biderkatu dituen ingeniariari. (08.05) Martutene parean bozina jo eta bidegorrira joateko oihukatu didan gidari estresatuari. (08.06) Donostia inguruko bidegorri-sare fundamentu gabe, arriskutsu eta erabilezina irudikatu duenari. (08.10) Loiolako semaforoa berde jarri berritan, azeleratu, eta atzean utzi duen laino grisarekin urtebeteko monoxido anoa irentsarazi didanari. (08.14) Anoetarako 600 metroko zuzengunean, beti, haizea kontran bidaltzen duen fenomeno meteorologiko aldrebesari, eta ondoren (08.18) egin duen euri xehe baina deserosoari. (08.19) Metro eta erdiko espaloi gainean, oinezkoen bizkarretik, doazen hiru txirrindulariei eta patinete elektrikodunari. (08.22). Eta, amaitzeko, (08.25) Ondarreta hondartzan harea txukuntzen ari ziren traktoreen artetik atera eta, erreparorik gabe, di-da, larrugorritan bainatu denari. Biba zu. Sinfonia bat merezi duzu.