2020/01/24

Kronika
FIPADOC DOKUMENTAL JAIALDIA
MUGITUZ DESKUBRITZEN ETA UKITUZ AURRERATZEN DIREN FILMAK BIARRITZEN

DOKUMENTALEI ZUZENDURIKO FESTIBAL BATEAN, PANTAILA BATEN AURREAN ISTORIO BAT IKUSTEA DA OHIKOA, BAINA ETORKIZUNEKO ADIERAZPIDEEI BEGIRA JARRI DEN FIPADOCEKO SMART SAILEAN, KLITORIA UKITZEKO IKASGAI PRAKTIKOA EGITEKO EDO BURUA MUGITUZ KAMERUNGO ETXE BATEN INGURUA IKUSTEKO PARADA EMATEN DA.

Idoia ERASO
0124_kul_fipadoc
Edvard Munch margolariaren obrarekin jostatzeko parada ematen du errealitate birtualeko «Le Cri» obrak

Biarritzeko Bellevue jauregia Fipadoc festibaleko topagune nagusia da, baina bertan bilduta dagoen jende zurrunbiloa atzean utzi eta lehen pisura joanda 3D betaurrekoak, tabletak edota irudiekin jostatzeko aukera ematen duten bakarkako esperientziak proposatzen dituzten guneak aurki ditzakegu. Sail honek urteetan zehar sortu duen interes handia bere garapenaren arrazoietako bat bilakatu da. Estatu frantseseko Ikus-entzunezko Institutu Nazionalak saria finantzatzeko agertutako interesarekin batera, orain arte erakusketa atala besterik ez zena orain sail ofizialaren parte da.

Oraindik aski ezezagunak diren adierazpen mota berrietako obrak biltzen dituen gelara sartzean, tabletak erabiltzen ari den jendea ikus dezakegu, pantailak ukitzen, laztantzen eta kolpetxoak ematen ari dira. Mugimendu horien arrazoia zein den jakiteko, proposatzen diren obrei begiratu behar.

“Bulle” narrazio interaktiboak 2050eko Montrealera garamatza, eta burbuila bat buruan daramagula ibilarazten gaitu hirian zehar. Beroa hain denez handia, gasak eta hezetasunak bunbuiloa zikindu egiten dute, eta beraz gure eriekin pantaila igurtziz garbitu egin behar dugu, eta ondoren hausten ari denez zigilatu egin behar dugu. Amaitzean gure anpulua ondo zaindu dugun galdetzen digu programak, eta azaltzen digu ingurumena ez bada zaintzen eta egungo erritmoan jarraituta, adituen arabera, hemendik 30 urtera buruan “bulle” bat jartzea izanen dela aterabide bakarra bizitzeko.

Gisa honetako beste obra bat, “Clit-moi” da, eta klitoria nola kitzikatu erakusten du. «Klitori bakoitza ezberdina da, nola gogobete ikasi egiten da, ikasi zer gustatzen zaidan gailurretara heltzeko». Gonbidapen horren ondoren sei urratsetako “praktikak” egiteko bidea hasten da. Lehenik laztanak, gero borobilak egin, kolpetxoak eman, atximur egin, atzamar ezberdinekin aritu, eta azkenik, «ondo ikasi» dugula esan eta gure instintuari segitzera gonbidatzen gaitu.

Urrats bakoitzean egindako mugimenduen arabera, eta bide egokian goazela erakusteko, ukimenak jasotzen dituen marrazkiaren inguruan koloreak aldatzen joaten dira, horitik hasi, laranja, gorria, eta arrosara heldu arte. Barretxoek eta bestelako soinuek laguntzen gaituzte bidaian. Tartean emakumeen orgasmoari eta horri loturiko errealitate sozialari buruzko datuak ematen dira. Narrazioa gonbidapen batekin amaitzen da: «Klitori bakoitza ezberdina da, zurea pertsonalizatu».

Websailak

Ohiko pantailan formatu berriak ere aurkezten dira Smart sailean, websailak dira, horren adibide. Interneten soilik hedatzen diren eta normalean luzera txikikoak diren ikus-entzunezkoak dira. Sail ofizialean dagoen “Clit-revolution”-ek bi ekintzaile feministaren aldarrikapen eta esperientziak kontatzen ditu. Kamerari hitz eginez, emakumeek beren sexu organoei buruz daukaten ezjakintasuna eta lotsa agerian uzten dute, eta gizartean finkatuta dauden sinesmenen inguruan galderak eta kritikak plazaratzen dituzte.

“La Barricade” websailak, bi eta bost minutu arteko ataletan, 1968ko maiatzean Estatu frantsesean izan ziren borroken alderdi ezberdinen berri ematen du, artxiboko irudiak oinarri hartuta. Poliziak egindako erasoak, Aljeriatik etorritakoek jasandako egoera... ikus daitezke.

Ezagunagoak baina beti harrigarriak dira 3D betaurrekoekin deskubritu daitezkeen obrak. Sail ofizialerako hautaturiko obrak izanik, kalitatea agerikoa da bertan, eta “Mercy” da horren erakusle. Arreta medikoa jasotzeko aukera ez duten tokietara hurbiltzen diren Mercy itsasontziek egiten duten lanaren berri ematen du filmak Edithen historiaren bitartez: Kamerunen bizi den 14 urteko neskak aurpegian daukan limoi baten tamainako tumorea kentzera joateko egiten duen bidaiaren eta ebaketaren esperientzia. Filma ikusteko aulki birakariak daude jarrita, eta ikusleak hasieran neskari zuzen begiratzen badio ere, aldeetara mugitzen hasita etxe osoa eta bertan diren kide guztiak agertzen zaizkio.