Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Dena ondo?

Urteroko hitzordua da, jada bosgarrenez joan naiz eta, hala ere, ezin naiz ohitu; bizpahiru egunez larria izaten dut. Mediku probak egitea, izan ere, ez da ia inorentzat gustukoa, baina are eta gutxiago luzea eta desatsegina den proba bat egin behar bada. Lepo itxarongela; nork bere erara lortzen du barrenak lasaitzea, eta ondoan isildu gabe aritzeko premia duen emakume bat eseri zait. Laguntzera etorri zaion lagunari ahoa zabaltzeko betarik eman gabe hau eta hura, bazter guztiak astintzen. Kritika bizian ari da medikuez, erizainez, osasun sistemaz... Bere izena esan eta kontsultara sartu da. Joan da bera, sartu da alboan eseritako beste gizona... Sartu naiz ni.

Aspaldian pasa gabeko trantzea pasata irten naiz proba egitetik eta hasi naiz ni ere medikua, erizaina eta parean jarritako guztiak larrutzen ospitaleko atea gurutzatzen dudan bitartean. Ni ere barrenak husteko premiaz nago eta kritikan topatu dut lasaitzeko bidea. Esandako guztiak, ordea, alboan dudan senideak baino ez ditu entzun, nire kexuek apenas egin dute biderik, itxarongelan alboan eserita nuen emakumearenek egin ez duten modu berean.

Akordatu naiz orduan Osakidetzan lan egiten duen langile batek orain gutxi esandakoaz. «Egoki ez den edota bidegabe jotzen duzuen egoeren aurrean kexua agertu behar duzue eta idatziz jaso, gainerakoan agintarientzat dena ondo doa eta».

Bai, ez dago modan kexatzea, ez behintzat horretarako jarriak dauden bideak erabilita. Sare sozialetan bai, haietan katramilatuak daude kexu gehienak, baina mataza horretan behar den bidea egitea ia ezinezkoa da. Bien bitartean beren ezinegona agertzeko erreklamaziorako bideak erabiltzen dituzten pertsonez parodia egiten dugu eta beste zereginik ez duten pertsona astunen gisara irudikatzen ditugu. Bai, denbora behar da kexatzeko, 140 hizkiko mezu bat idazteko behar dena baino gehiago.

Salatu behar ditugu bidegabe edota desegoki jotakoak eta egin behar diegu enbarazu dena ondo doala esateko tentazioa sentitzen duten horiei. Bai, kexurik eta protestarik gabeko mundua perfektua litzateke agian, baina ez isiltasun horren atzean alferkeria edota asperdura badaude.