Alfontso DIEZ

Kartoizko nukleoa duten surf taulak

Edozein produktu ekoizteko orduan, ingurumenarekiko ahalik eta begirunerik handiena edukitzeak erabateko lehentasuna izan beharko luke guztiontzat. Helburu horrekin aritu dira lanean, hain zuzen, kartoizko nukleoa duten surf taulak egin dituzten Mondragon Unibertsitateko ikasleak. Eta ez da kontu hutsala. Datu bat: urtean, gutxi gorabehera, milioi bat surf ohol egiten dira munduan, poliestireno estrusionatua edo poliuretanoa erabiliz, eta fabrikazio prozesuak 200.000 tona karbono dioxidoren emisioa eragiten du. Azken urteotan, bestelako material batzuk (zura, kortxoa, paper birziklatua, kartoia...) erabiltzeko zenbait diseinatzaile amateurrek hasi duten bidea hartu du, beraz, ikasle talde honek. Zortzi astez jardun dira kartoizko nukleoa duten surf taulak diseinatu eta fabrikatzen eta aste honetan bertan erakutsi dute, Kontxako uretan, bideragarriak direla. Aipatutakoa gutxi ez eta, surflariek dituzten arazo errealei konponbidea emateko asmoz, taulak bizikletan modu erraz eta seguruan eramateko sistema arin bat ere asmatu dute.