Alfontso DIEZ

Mila oheko ospitalea prest, hamar egunean

Hitzemandako epea zuzen asko beteta, atzo inauguratu zuten Wuhanen koronabirusak kutsatutakoak artatzeko ospitale berria, orain hamar egun eraikitzen hasi ziren hura bera. Huoshenshan ospitaleak (suaren jainko baten izena darama) 1.000 ohe ditu, eta 1.400 mediku militar ariko dira han lanean. Aste honetan bertan beste ospitale bat bukatzea aurreikusi dute Txinako agintariek, Leishenshan hirian. Azken honek 1.300 ohe izango lituzke. Ez da, ordea, birusaren aurkako borrokan atzo emandako pauso bakarra: herrialdeko ikertzaile talde bat sendagai berria probatzen hasi zen, “The Paper” egunkariaren arabera. Botika dagoeneko probaturik zuten AEBetan kutsatutako pertsona batekin, eta haren egoerak hobera egin du. Remdesivir du izena eta ebolarentzat garatu zuen Gilead Sciences konpainiak. Txina-Japonia Laguntasunaren Ospitaleko (Pekin) medikuek egingo dituzte probak, kutsatuta dauden 270 pertsonarekin. Osasun Batzordeak emandako azken datuen arabera, 361 lagun hil dira koronabirusak jota, eta 17.200etik gora dira kutsatutarikoak.