Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aurkari zailenari aurre egiteko prest da Aranguren

Aginagarrak badaki partida osoan zehar «dominatuta» egongo dela, baina ilusioz hartzen du aukera hau.

Badira bizitzan behin bakarrik agertzen diren aukerak eta ostiralean Zestoan izango duena egon daitekeen eta zailenetako bat bada ere, erronkari aurre egiteko prest agertu da Aitor Aranguren. «Badakit partida osoan dominatu egingo nauela, agian beste atzelari batzuek ez nindukete hainbeste dominatuko, baina hauxe da dagoena. Urrutikoetxeak eskuko mina dauka, partida honetan niri tokatu zait bera ordezkatzea, oso pozik egingo dut eta ea zer gertatzen den», azaldu du aginagarrak, Aimar Olaizolaren bizkartzain, Jaka-Zabaleta liderren aurka jokatu behar duen Binakako txapelketako partidaren atarian.

Debutaren egunean ere goizuetarra izan zuen lagun eta, urte eta erdi beranduago ere, enpresako pilotaririk beteranoena izango du aurrelari, lehen mailan jokatzen duen lehen partidan. Debutekoaz gain, beste lau edo bost alditan aritu da Olaizola II.arekin eta, alde horretatik, ez du inolako kexarik egokitu zaion bikotekidearekin; «ondo moldatu izan gara, asko hitz egiten du eta oso lagun ona da», baina aurrean izango duten bikoteak kezkatzen du.

«Lehen mailako liderrak dira, eta ez dut esango irabaztea ezinezkoa denik, bestela frontoira agertu ere ez nintzateke egingo eta, baina badakit irabaztea oso zaila dela. Lehen mailan dagoen bikoterik orekatuena da eta ahalik eta tantorik gehien egitera, eta ahal bada irabaztera, etorriko gara», azaldu zuen inolako arazorik gabeko pilota aukeraketan, lehen mailan lehena izan zuen saioan.

Zabaletaren esanetara

Aukeran emanda, txapelketa nagusiko lehen partida gaur egungo Zabaletaren aurka aritzea aukeratuko lukeen atzelaririk ez dago, baina bere txarrean, Arangurenek badaki ostiralekoa ere ez dela Olaizola-Urrutikoetxearentzat jokatu beharreko partida garrantzitsuena, galduta ere, hurrengo astean Tolosan Irribarria-Rezustaren aurka jokatu beharrekoak baldintzatuko baitu, hein handi batean behintzat, Baikokoen etorkizuna.

Hori bai, Etxarrengoaren aurka aritzeak errespetu handia ematen du. «Nik uste aurtengo txapelketan bere joko puntu altuena hartu duela. Promozio mailan oso gutxitan tokatu zait ostiralean tokatuko zaidana bezain atzetik aritzea, baina saiatuko naiz ahal den hobekien erantzuten Jose Javierren kolpe horri eta aurrean ahalik eta pilota gutxien uzten Jakari». Izan ere, hori da bikote honen aurka aritu beharraren txarrena, atzelariari eustea ez dela aski, lizartzarrak harrapatu ahala amaitzen baititu aukerako pilotak.

Aspekoen egoera askoz erosoagoa da, poltsikoan baitute lehen bi onenen artean sartzea, baina Zabaletak ez du ezustekorik nahi eta finalerdietara konfiantzaz heldu nahi du.

Kanporaketak, Iruñea eta Eibarren

Enpresek atzo jakinarazi zutenez, bi frontoi klasiko, Iruñeko Labrit eta Eibarko Astelena, izango dira aurten berrikuntza diren kanporaketetako partidak jasoko dituzten kantxak. Oraindik lehia horiek zein lau bikotek jokatu behar dituzten ezagutzen ez den arren, otsail amaiera eta martxo hasierako asteburuan jokatuko diren partiden egoitzak jakinak dira.

Era berean, finalerdietako ligaxkako partidak non jokatuko diren ere zehaztu dute enpresek eta hauek ere betiko frontoietan jokatuko dira; hau da, Labrit, Bizkaia, Beotibar eta Astelenan. Lehen jardunaldiko partidak Iruñean eta Bilbon jokatuko dira; bigarrenekoak, Iruñean eta Eibarren, eta azkenekoak, Labriten eta Beotibarren.

Deigarria da, urteko txapelketarik luzeena den honetako partida bakar bat ere ez dela jokatuko ez Donostiako Atanon, ez eta Gasteizko Ogetan ere. Azken honetan eraberritze lanak egiten ari dira joan den abuztutik.J.O.