Nagore BELASTEGI

«Erik eta Win», gizontasun ereduak zalantzan jarriz

Gizonen arteko harremanak nolakoak diren aztertzen dute, umorez, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek euren bigarren ikuskizunean. Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariak eta Asier Sota aktorea bidelagun izan dituzte proiektu intimo honetan.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek Buhameak taldea osatu eta “Ez gara Palestinaz ari” ikuskizuna sortu zuten 2013an. Esperientzia ona izan zen eta orain euren bigarren lana dakarte, modu profesionalago batean eraikia, “Erik eta Win”. Bihar bertan estreinatuko dute Donostiako Lugaritz kultur etxean.

«Lizarralde duela urte asko ezagutzen dut, eta ibilbide luzea egin dugu elkarrekin. Kontatzen dugu zer gauza gordetzen diren mahai azpitik, botere harremanak, gizon ereduak… aurreko ikuskizunaren sistema bera erabili dugu: bertso musikatuak, antzerkia, pianoa eta gitarra. Umorea erabiliz, gure pertsonaiak karikaturizatzen ditugu», esan digu Muñoak. 

Lizarralde eta Muñoa bertso mundutik datoz, eta Aitor Atxega gitarristarekin eta Imanol Kamio pianista eta koruko zuzendariarekin batu dira lana aurrera ateratzeko. Lauren artean bi ahotsak musikaren gainean jarri dituzte, baina antzerkian ez dute eskarmenturik eta, horretarako, Asier Sotaren laguntza izan dute. «Bertsoak protagonismo handia du, baina antzerkiak ere bai. Antzerkiaren bidez karikatura sortzen dugu, umorea erabiliz, eta bertsoaren bidez forma filosofikoagoa ematen diogu, sakonagoa. Hori da mantentzen dugun oreka», azaldu digu protagonistak. 

Aurreko ikuskizunak oso ondo funtzionatu zuenez, antzerako formula erabili dute, baina Sotaren ekarpenari esker akats batzuk konpondu dituzte. Aurrekoan esketx txikiak lotzen zituzten, gai batek ez zuen bestearekin zerikusirik. Orain errekurtsoak erabili dituzte aipatzen diren kontuei jarraitutasuna emateko.

“Ez gara Palestinaz ari” lanean esaten zuten «euskaldunak oso abilak garela egoera politikoetan baina gero gauza pertsonalak kontatzerakoan erreserbatuagoak garela». Arrakasta handia izan zuen ikuskizun horretan umetako esperientziei buruz hitz egiten zuten, bakoitzak zer ibilbide egin duen eta nola iritsi diren dauden lekura. Orain ere antzerako proposamena dakarte, baina harreman intimoen gaia aukeratu dute.

«Anderrek eta nik bidea egiten dugu eskutik helduta, baina gero asko garatu gara eta asko aldatu gara elkarrekiko, eta kontatzen dugu nola askotan harremanetan blokeatzen garen maila handiko kontu hauek ez ditugulako berdin ikusten. Zeloak, botere harremanak, zergatik elkartu ginen gu, emakumeekin harremanetan jartzen garenean nondik egiten dugun, zer jarrera hartzen ditugun, eta hori lotzen dugu gaur egungo maskulinitate ereduekin. Gure esperientzia kontatzen dugu galdera ikurrak jartzeko inor seinalatu gabe. Inori ezer esan gabe zer egiten duen gaizki, guk ikasi duguna erakusten dugu», adierazi du aktore bihurtutako bertsolariak.

Ispilu lana

Aurreko esperientziarekin sorpresa handia hartu zuten publikoa oso anitza zelako, eta gainera ikusle batzuk behin baino gehiagotan joan zirelako ikuskizuna ikustera. Muñoaren hitzetan, lehen aldian informazioa jasotzen zuten eta bigarrenean ideiak ordenatzen zituzten.

«Haur garaiko abandonuez, herentzia emozionalez, gurasoekin genuen harremanaz... Ispilu lana egin nahi genuen denok sentitu ditugun gauzak direlako. Harremanen kasuan berdina da. Helburua, gure striptease bat egitea baino gehiago, ispilu lana egitea da. Zer jarrera dut nire bikotearekin? Zer hutsune betetzen dut?», galdetzen dio bere buruari Muñoak.

Gizontasun ereduek badute berebiziko pisua “Erik eta Win”-en. Eredu horien bi adibide dira hauek: «Nik azaltzen dut nola nire ibilbidean hartz jatorraren papera egin dudan, pagafantasarena, emakumeen laguna, eta Ander beste aldean egon da gehiago, matxo alfaren papera hartu du, segurua. Bi eredu horiek parekatzen ditugu eta erakusten dugu nola ez batak eta ez besteak ez duten balio».

Publikoarentzat ispilu bat izateaz gain, beraientzat ere ibilbide aberasgarria izan da euren garapen pertsonalaren fruitua delako antzezlana. «Nire harremanak aztertzetik orain gai sentitzen naiz hori plazaren aurrean azaltzeko. Badaude beldur pertsonal batzuk. Karikatura bat da baina errealitatea ere erakusten ari gara eta ahultasun asko daude, ixilean gordetzen dituzunak, eta epai beldur bat ere badago; zer pentsatuko dute besteek? Oraingoan lasaiago gaude aurreko esperientziaren ostean, jendeak asko estimatu zuelako. Beldurra pixka bat galdu dugu», aitortu digu protagonistak.