Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Bosgarrenaesprintean, Munduko Kopan

Alemanian jokatutako hitzorduan, Iñigo Martinezekfinalean sartu eta TOP-5ean amaitu du.

Fedme edo Espainiako selekzioarekin lehiatzen diren bi euskal eskiatzailek, Iñigo Martinez de Albornozek eta Nahia Quincocesek, asteburu bete-betea izan berri dute. Mendiko Eskiko Munduko Kopak Alemanian izan du hitzordua. Martinez de Albornozek lortu du emaitza azpimarragarriena. Esprinteko modalitatean goi mailako bosgarren postua sinatu zuen.

Ohiko zirkuitu bati egin behar izan zion aurre. Donostiarrak jardun ederra egin zuen finalerdietan. Gogotsu zein indartsu irten zen, eta sailkapenean bigarrena izan zen. Finalean, berriz, ez zuen hutsik egin nahi, baina une jakin batean irrist egin eta denbora pixka bat galdu zuen. Beti bezala, esprintean akats txikienak eragin handia izaten du.

Bosgarren postu horrek balio handia du, batez ere kontuan hartzen badugu espezialista handien aurka lehiatu zela: Iwan Arnold (irabazlea), Robert Antonioli, Michele Boscacci... Bien bitartean, Quincocesek argi utzi zuen esprinta ez duela oraindik ondo menderatzen; 22. postuan sailkatu zen.

Alabaina, Alemaniako hitzordu horrek beste bi proba izan zituen: bertikala eta indibiduala. Lehenbizikoan, 2,2 kilometroko eta 500 metroko goranzko desnibela zituen ibilbide bati egin behar izan zioten aurre. Martinez de Albornozek, adibidez, ezin izan zuen lasterketa biribila egin, eta 34. postuan amaitu zuen. Quincoces, berriz, hamahirugarrena izan zen; irabazlearengandik ia 2 minutura heldu zen.

Indibidualean, bestalde, donostiarrak ez zuen lasterketa amaitzerik izan. Eta bizkaitarrak indar handia emango dion hamargarren postua sinatu zuen.

Proba atzeratu

Bien bitartean, heldu den asteburuan jokatu behar zen Bandres-Karolo proba martxoaren 14-15era atzeratu dute; izan ere, gaur-gaurkoz ez dago elurrik Izaba eta Belagoako inguru horietan. Eta eguraldiaren iragarpenetan ere ez da aurreikusten elur nahikorik egingo duenik. Beraz, Antxon Bandresen eta Carlos Imirizaldu Karoloren oroimenezkoa hilabete atzeratzea erabaki dute.

Gogoratu behar da, halaber, proba honek Euskal Herriko Banakako Txapelketa izan behar zuela. Iragarritako datetan beste hitzordu garrantzitsu batzuk daudenez, aipatu dugun titulu hori heldu den igandean jokatuko da Panticosan. Larunbatean kronoigoera egingo dute.