2020/02/14

Puccinik irudikatutako Far West-a ekarriko du OLBEk Euskaldunara

Oksana Dyka sopranoa eta Marco Berti tenorea dira Pucciniren «La Fanciulla del west» operako protagonistak. Horiekin batera beste 15 abeslari igoko dira Euskalduna jauregiko agertokira.

GARA|Bilbo
0214_kul_opera2

OLBEk Ameriketako Mendebalde Urruna ekarriko du Bilboko Euskalduna jauregira. Bihar eskainiko dute lehen aldiz Pucciniren “La fanciulla del west” opera, eta gainerako emanaldiak hilaren 18an, 21ean eta 24an izango dira. Hiru agertokiz hornitutako ikuskizuna izango da, eta 17 pertsonaiak hartuko dute parte. Protagonistak Oksana Dyka sopranoa eta Marco Berti tenorea izango dira.

Puccinik 1910ean konposatu zuen obra hau eta ordutik inoiz ez da Estatu espainolean eskaini. Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldearen konkistaren berri ematen du. Konpositore italiarraren partiturarik koloretsuena da honakoa, non orkestrak protagonismo handia duen. Kasu honetan musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren esku egongo da, eta Colorado Spring Philharmonic Orchestra-ren zuzendari Josep Caballe Domenechek zuzenduko du. Urtean zehar munduan beste sei teatrotan bakarrik eskainiko da ikuskizuna: Munichen, Seulen, Orlandon, Tallinnen, San Petersburgon eta Stockholm.

Pucciniren eraginak

Hiru agertoki baliatuta, Far West-eko leku ikonikoak irudikatuko dituzte, hala nola urre harrobiak, meatzari eta bidelapurrek denbora igarotzen zuten saloon-ak, bai eta haien etxebizitza xumeak ere.

OLBEtik helarazi dutenez, Puccinik obra hau konposatu zuenean arazo ugari zituen: bere libretista zen Giuseppe Giacosa eta Giulio Ricordi hil ziren, eta bere emazte Elviraren akusazioen ondorioz Doria Manfredi etxeko langileak bere buruaz beste egin zuen. Gatazka horiek obran eragina izan zuten nolabait. Bestalde, musikariak AEBetako mendebaldean interesa zuen, gaztetan “Buffalo Bill Coy” ikuskizuna Milanen ikusi zuenez geroztik.

ESZENOGRAFIA IKUSGARRIA


Napoliko San Carlo antzokiak ekoitzitako ikuskizuna da «La fanciulla del west». Hugo de Anak zuzendutako obrak Broadwayko ikuskizunak gogora ekartzen dituen eszenografia dauka.