2020/02/15

Pospolo kaxa baten zulo ñimiñotik, munduari begira

Lauzpabost aldiz egon da Nagore Legarreta Indian. Bisualki hain esplotatua dagoen lurraldea beste ikuspuntu batetik irudikatzeko asmoarekin kamera bat sortu zuen pospolo kaxa batekin. Lortutako argazkien sorta bat ikus dezakegu Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera).

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
0213_kul_legarreta

Pospolo kutxa batekin ateratako argazkien erakusketa osatu du Nagore Legarretak Tabakalerako 4. solairuan dagoen Kutxa Kultur Plazan. India dugu begien aurrean, baina “Suzko irudiak” erakusketako protagonista eguzkia dela esan dezakegu.

2013an Indiara argazki bidaiak antolatzen hasi zen. Bisualki oso esplotatua dagoen lekua izanik, lurralde horri beste ikuspuntu batetik begiratzeko helburuarekin sortu zuen bere kamera propioa. Legarretak urte dexente daramatza argazkilaritza primitiboa lantzen eta horregatik pospolo kutxa batekin kamera sortzea erabaki zuen, jakin gabe, hain zuzen ere, Indian pospoloak asko erabiltzen direla: «Korrika eta presaka ibiltzekoa naiz, eta pospolo kaxako zuloa behar baino handiagoa egin nuen, eta horren ondorioz irudiak desenfokatuak atera zitzaizkidan». Kamera probatu gabe joan zen lehen bidaia hartara, eta itzultzean sorta eder bat zuen eskuetan. Horien artean bazegoen bereziki gustatzen zaion argazki bat. «Delhiko auzo nepaldarrean atera nuen, eta eguzki eztanda bat eta bi ahuntz ikusten dira. Argazki nahiko primitiboa da, animalien deformazioa ikusten da... estetikoki asko erakarri ninduen eta horrek markatu zuen ondoren egin nituen bidaietan kamera kokatzeko patroia. Normalean eguzkiaren txorrotadari begiratuta ateratako irudiak dira», azaldu digu.

Gerora lau bidaia egin zituen eta 700-800 argazki lortu zituen. Horien aukeraketa bat ikusi ahalko dugu martxoaren 8ra arte Katapulta plataformak sustatuta, Kutxa Kulturren kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren babesarekin prestatutako eta irudi laranja eta urdinez osatutako erakusketan.

«Ez badago enfokerik ertzak ez dira ondo definitzen, eta orduan garrantzia argiak eta koloreak du, formak bereizi ahal izateko. Niretzat ikasketa bat izan da», esan digu. Solaris markako karreteak erabili zituen, Interneten erositakoak. Aurkitu zituen merkeenak izan ziren, inoiz ez baititu garestiak erabiltzen. «Karrete hauekin bost urte eman nituenez, berriro erosi nahi izan nituenean jada ez nituen aurkitzen. Pelikulak kolorea erabat baldintzatzen du. Kadukatuta zegoen stock bat aurkitu nuen Alemanian eta gelditzen ziren ia guztiak erosi nituen». Negatiboa alde batera jartzean, irudi laranjak lortzen dira, baina buelta ematen badiogu, urdinak. Hori gertatzen da negatiboak dituen geruzengatik, argiak zeharkatzen duen lehenengo geruzak emango baitio kolorea argazkiari.

Legarretak proiektu hau jolas moduan hartu zuen. Une horretan esku artean beste lan bat zuen, “Hysteron”, “Suzko irudiak”-en kontrakoa zena. «Ez nuke esango proiektu honek halako oinarri kontzeptual sakona duenik. Hori ez zen intentzioa. ‘Hysteron’-en txuri-beltzean, argazki gutxi ziren, baina oso landuak, ukitzen ninduen gai introspektibo, sakon eta batzuetan astuna landu nuen. Deskantsatzeko eta pixka bat jolasteko sortu zen ‘Suzko irudiak’. Indiara gerturatu nintzen mundua deskubritzera ateratzen den haur bat bezala, inongo presiorik edo baldintzarik gabe, eta helburu bakarra izan da bistara atsegina eta dibertigarria izan zitekeen zerbait sortzea», adierazi digu.

Kontrasteak

Aretoaren hondoan hasten da erakusketa, nahiz eta logikak kontrakoa esaten digun. Varanasi hiriko irudiak jarri ditu bertan, «hiri oso berezia, munduko zaharrenetariko bat». Legarretaren arabera, «Ganges ibaia bertatik pasatzen delako eta ertzetan hildakoak erretzen dituztelako da ezaguna». Bertan aurkitu zituen kontrasteek ukitu egin zuten.

«Egunero bizitza ibai honen inguruan hasten da: jendeak bere burua garbitzen du, jainkoa gurtzen du... bizitzari kristoren ofrendak egiten dizkioten bitartean, alboan hiltzen den jendea erretzen dute». Irudietako batean gizon baten silueta nabari da, eskuan flotagailua duela. Argazkilariak azaldu digunez, boluntario bat da kamioi baten pneumatikoarekin igeriketa eskolak ematen zituena, Ganges ibaian bainatzen diren askok igeri egiten ez dakitelako. «Igeriketa eskolak ematen ari ziren ez itotzeko, eta ondoan hilberriak erretzen ari ziren. Kontraste fuerte hori grabatuta gelditu zait», aitortu digu.

Paisaia klasikoak ere aurkitu ditzakegu argazkietan. Adibidez, Taj Mahal jauregiaren irudi berezi bat dago. Emakumeen figurek ere badute presentzia handia, edo proiektua abiarazi zuten ahuntz horiekin parekatu daitezkeen bestelako animalia desitxuratuak. Erakusketa prozedura azaltzen duen bideo batekin osatzen da, baita Indian aurkitutako pospolo kaxekin egindako mural batekin ere.

BESTE BEGIRADA


Bidaietan jendeari kamera nola erabili eta argazkiak nola egin erakusten zien, Indiari ahalik eta zuku gehien atera ahal izateko. Legarretak bere begirada inori inposatu nahi ez dion arren, ikasleak zirikatzen zituela aitortu digu, argazkilaritza egiteko beste modu batzuk badaudela frogatuz.