Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Gidoiak ez du aldaketarik izan Euskal Herriko Txapelketan

Igandean jokatutako hitzordu nagusian, senior mailan, Iñigo Martinez de Albornoz eta Nahia Quincoces nagusitu ziren.

Izenburuaren ildoari jarraituz, ez dugu zalantzarik esateko joan den igandean jokatutako Mendi Eskiko Euskal Herriko Txapelketak ez zuela ezustekorik izan. Faborioen gidoa idatzita zegoen, eta inor ez zen gai izan lerro bakar bat ere aldatzeko. Senior mailan, bederen, Iñigo Martinez de Albornoz eta Nahia Quincoces aise gailendu ziren. Horiek izan ziren banakako modalitatean tituluak bereganatu zituztenak.

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako hitzordu nagusiak, berez, Izaba-Belagua ingurumarian jokatu behar zen. Egoitza horrek “Bandres-Karolo” du izena. Baina orriotan aipatu genuen bezala, elur faltagatik proba hori atzeratu zen. Ia esprint batean, EMFk Aragoiko ateak jo zituen, iragan iganderako “Travesia Club de Montaña Pirineos” deituta baitzuten. Panticosako bainuetxea ingurutzen dituzten mendietan jokatzen da. Eta Nafarroako deialdian ez bezala, azken horretan elurra bazuten. Hego isurian ezer gutxi; bai, ordea, ipar aurpegian.

Gogoratu behar dugu lehia honek 38. ekitaldia izan duela, eta Pirinioetan erreferente bat dela. Batez ere kontuan hartu behar da eski-estazioetatik at dagoela. Azken asteotan izan dugun “lehortearen” ondorioz, antolatzaileek buruhasute handiak izan zituzten ibilbide erakargarria eta seguroa prestatzeko. Alabaina, eskiatzaileek ipar isurian jardun zutenez, elurraren egoera oso gogorra izan zen, eta horrek, hein handi batean, lehien norabidea baldintzatu zuen.

Antizikloia gain-gainean zegoenez, irteera puntuan egon ziren protagonistak udaberriko giroarekin lehiatu ziren: eguzkia, haizea, elur gogorra....

Kategoria nagusiei dagokienez, aurreratu behar dugu seniorrak bi ibilbide ezberdinetan nor baino nor aritu zirela. Gizonezkoek, adibidez, 1.700 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean. Hiru igoera zituen, eta puntu garaiena Labazako lepoa (2.634 m) izan zen.

Martinez de Albornoz tartean zegoenez, ezustekoak egoteko aukera gutxi egon zen. Denboraldi bikaina egiten ari da, eta, beste behin, erakutsi du mendi eskiko euskal eskiatzaile sasoikoena dela. Gainera, maila handiko aurkari gutxi ditu, eta horiek guztiak, donostiarra bezala, EMFren taldeko ordezkariak dira.

Lasterketari dagokionez, esan dugu gipuzkoarra nagusitu zela, eta, gainera, era bitxi batean. Izan ere, irteera eman zenean oraindik berotzen ari zen. GARAri adierazi dioenez, hutsegite ederra egin zuen: «Gutxi gorabehera, hiru minutuko atzerapenarekin hasi nintzen. Eta, gainera, arva falta zitzaidan. Lehen metroak bainuetxearen iraupen-eskiko pistan ziren, eta, ondoren, eskiak sorbaldan, 150 metroko desnibela igo genuen. Basoan sartu ginenean, denak ilaran zeuden, eta ez nuen aukerarik izan eskiatzaileak aurreratzeko. Handik atera bezain laster, topera jardun nuen, eta aurrean zeudenak harrapatu nituen».

Martinez de Albornozek 2:24:19 denbora egin zuen, eta haren atzetik, bi minutura, Axier Alonso oñatiarra heldu zen. Hirugarren postua, berriz, Gartzen Elejabarrieta abadiñoarrarentzat izan zen. Kranpoi bat galdu zuen, eta irabazlearegandik zazpi minutura geratu zen.

Lortutako garaipenaren inguruan, donostiarrak zera adierazi digu: «Pena handia hartu dut eskiatzaile asko ez direlako bertaratu. Baina, haatik, pozarren nago lortutako titulu honekin».

Quincoces, oso nagusi

Martinez de Albornoz bezala, Quincoces ere nazioarteko lehiaketetan dabil. Eta horrek erakusten du beste maila batean dagoela.

Emakumezkoek 1.500 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean jardun zuten. Eta gizonezkoen kategorian baino parte-hartzaile gutxiago lehiatu ziren.

Mendexarrak ez zuen inolako arazorik izan Euskal Herriko Txapelketa irabazteko. Hori gutxi ez, eta “Travesia Club de Montaña Pirineos” proban ere aise gailendu zen. B ibilbidea egiteko, Quincocesek 2:23:21 denbora behar izan zuen. Igone Campos bigarrena izan zen. Irabazleak 15 minutuko alde atera zion. Nahiz eta zumarragarra Uxue Frailerekin batera helmugaratu zen, donostiarrari sailkapenean segundo bat gehiago gehitu zioten. Beraz, brontzea eskuratu zuen.

Gazteen kategoriei dagokienez, EMFren taldean dauden eskiatzaile denek garaipena erdietsi zuten. 23 urtez azpikoetan, Aitor Ajuria atxondoarrek irabazi zuen. Eta junior ibilbidean, Rafa Urbizu donostiarra izan zen denen gainetik helmugan. Nesketan, berriz, Rita Jimenez iruindarra.

Eta azkenik, kadeteen mailan, Aimar Murua andoaindarrak eta Sara Arregi oñatiarrak ohorezko titulu horiek etxera eraman zituzten.