Jon ORMAZABAL
PILOTA

Peoi aldaketak, azken aukerak erabat zukutzeko

Aspek Irribarria Elezkanogatik ordezkatuko du eta Bengoetxea txapelketara itzuliko du Baikok azken lehian.

2013ko Binakakoan enpresek euren buruari pilotari bat nahi zuten unean beste bategatik ordezkatzeko aukera eman ziotenetik –garai hartan «Gonzalez klausula» gisa ezagutu zen, azkaindarrarentzat ad hoc egindako legea zela zirudielako– pilotariak beraien interesen arabera erabil ditzaketen piezak bihurtu dira eta Iker Irribarria bezalako buruz buruko txapeldun bat izan da Aspek oraingo honetan sakrifikatu duen azken peoia. Finalerdietan ahalik eta bikoterik gehien izan nahian, Aramakoa txapelketatik atera eta orain hiru hilabete kanpoan utzi zuten Elezkano jarriko dute larunbatean Rezustarekin batera –elkarrekin iazko txapelketa irabazi zuten– Labriten Laso-Albisuren aurka jokatu beharreko partida erabakigarrirako.

Igandean Tolosan jasotako porrotarekin, ordea, garaipen hau ez dute nahikoa; igandean, Bilbon, Ezkurdia-Martijak Olaizola II.a-Urrutikoetxea garaitzea ere beharrezkoa du Eibarko enpresak finalerdietarako kanporaketetan bi bikote izateko. Gogoratu beharra dago Aspekoak direla finalerdietan zuzenean sartu diren beste bi bikoteak; Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija.

Erabakiak, formak, eta halako hautuek pilotariei egin diezaieketen mina albo batera utzita, Asperi gauzak bere gordinean ez azaltzea behintzat ezin zaio aurpegiratu. Plazaratutako oharrean, «play offetan sasoirik onenean diren pilotarien aldeko apustua» egiten duela azaltzen du eta «arrazoi ezberdinak direla medio, Irribarria eta Rezustak emaitza onik lortu ez dutenez», Irribarriaren ordez Elezkano kantxaratzea erabaki dutela. «Oraintxe bertan Elezkano-Rezusta iruditzen zaigu play offean sartzeko bikoterik egokiena», diote.

Oinatz, bueltan

Euren partidak txapelketan horrenbesterako eraginik ez duenez, itzalean geratzeko arriskua du Baikok Oinatz Bengoetxearekin egingo duenak. Izan ere, azken lau asteetan Victorrek ordezkatu ostean –urtarrilaren 18tik partidarik jokatu gabe izan dute– azken jardunaldirako leitzarra berriz ere kantxaratzea erabaki du enpresak.

Kirol alorrean, ezer gutxi eman dio aldaketak bikoteari, ez dute beste partidarik irabazi eta, orain, jokoan ezer gutxi duen asteleheneko Tolosako partidari pizgarri berri bat ematen dio Bengoetxearen itzulerak.