2020/02/22

MARI LUZ ESTEBAN
ANTROPOLOGOA ETA IDAZLEA

Antropologia feministan erreferentea da soka luzeko ikertzaile hau. «Andrezaharra» legez definitu du inguruan ikusten duen emakume mota, figura soziologikoa edo aktore politikoa «Andrezaharren manifestua» (Pamiela, 2019) kitzikagarrian.

«Andre zaharren errealitateen inguruan gogoeta politikoa falta da»
Amaia EREÑAGA|BILBO
0222_kul_mariluz2

Basauriko etxean hartu gaitu Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959) antropologo eta idazleak. Oparotasun berdea barnean –landarez beteta dago, oihan baten antzera, egongela koloretsua–, XX. mendeko industrializazio basatiaren zantzuak kanpoan. Trenbideari eta edertasunari kasu egin gabe eraikitako langileentzako etxebizitzak, han-hemen.

Paraleloan, oso gertu ditugu gure arte eszenikoetan hainbesteko eragina izandako Basauriko Social antzokia eta Marienea, Basauriko Emakumeen Etxea, Bizkaiko eta Euskal Herriko mugimendu feministaren ikurretako bat eta, nolabait, punta-puntako laborategia.

Eta laborategia diogu zeren, Marienean bertan, herriko emakumeekin egindako mintegi batean jorratutakoarekin “kozinatzen” hasi zen “Andrezaharren manifestua” (Pamiela, 2019), Mari Luz Estebanek plazaratutako tolesturaz betetako liburu kitzikagarri eta definigaitza. Orrialdeetan xume –61 besterik ez ditu–, lehenengo 38etan, olerki formatuan, emakume mota zehatz baten erretratu anizkuna marrazten du Estebanek, ondorengo orrialdeetan finkatu, zabaldu eta erreibindikatuko duena.

«Egun hauetan, konturatzen ari naiz inoiz baino gehiago esaten ari naizela 60 urte ditudala», dio irribarretsu Mari Luz Estebanek. Pertsonalki ez dio arazo gehiegirik sortzen adinaren kontu horrek, guk botatako galdera-hausnarketa baten harira doa, argitu dezagun. Gizarte honetan zahartzeak, eta batez ere emakumeen zahartzaroak, aktibatzen dituen klixeen sustrai luzeak ederto erroturik daudela irudikatzen du, metafora baten antzera, adinarekin gora eta behera darabilgun, darabildan, kontu honek.

«Jabetu ginen zein zaharra zen gure mugimendua / eta zein ankilosatua gure ikusmira / Angela Davis gurera heldu eta gazte / zeneko argazkia baztertu behar izan genuenean», irakur daiteke liburuan. Eta ikerketa bat egin beharrean, manifestua egitea otu zitzaion. Bazterrak mugiarazteko, pentsa eta hausnar dezagun. Deigarria da, «beti gazte» den gizarte honetan, zein iraultzailea bihurtu den zahartzaroa aldarrikatzea. Horra pentsiodunen mugimendua, esaterako.

Gizarte-antropologia irakaslea EHUn, antropologia feministan eta gorputzaren antropologian aditua da Mari Luz Esteban. Baita ekintzaile feminista ere. Hainbat lan eta ikerketa argitaratu ditu, esaterako, “Crítica del pensamiento amoroso” (Edicions Bellaterra, 2011), non erromantizismoaren eta emozioen inguruan egin duen ikerketa biltzen duen, edo “Feminismoa eta politikaren eraldaketak” (Susa-Lisipe, 2017), Euskal Herrian feminismoak bizi dituen aldaketa eta erronkei buruzkoa. Tartean, poesia ere jorratu du; hor, “Amaren heriotzak libreago egin ninduen” (Pamiela, 2013), lau urteen buruan katalanez eta gaztelaniaz argitaratu zena.

Poesiara itzuli da, baina ez horretara bakarrik. Mari Luz Estebanen obran dena lotuta dagoela dirudielako, sare desberdinak marrazten dituzten mapak irudikatzeko gaitasuna izango balu bezala. Bere azken liburuko orrialdeetan moldeetatik at ateratzen ziren adindun emakumeen erretratuak, eta ondoren, idazlearen aro baten hasierako kontzientzia islatzen dira...

«Baina zahartzaroa bada / erakarriko gaituzten / gauza berrien aurkikuntza ere / antiojo gaineko begirada kokina / ile urdinduaren zailtasuna / zimur baten arrail perfektua (...)».

2013an argitaratu zenuen lehen poema liburua. Zazpi urte beranduago, beste momentu batean zaude, eta zure zahartzaroari aurre egiteko edo hausnartzeko beta izan duzu.

Nik liburu honekin gauza desberdinak egin nahi izan ditut, alde batetik, berreskuratu umezaroan nire inguruan egon ziren figura zahar batzuk. Batzuk ez dira zaharrak, gehienek edukiko baitzuten 50-60 urte inguru. Eta pentsatu nuen: ni umea nintzenean zer emakume zahar zeuden? Edo zertaz gogoratzen naizen? Hori da lehen partean egin dudana. Horrekin batera, bigarrenean, zenbait ideia plazaratu ditut nire esperientzian oinarrituta, dela gorputzaz, sexualitateaz, zahartzeaz...

Erreibindikatu egin dituzu, era berean, birrotxa, mutxurdin eta antzeko mespretxuzko izenekin seinalatuak izan diren emakumeak.

Aitortza bat da, bai, eta era berean, berreskuratu eta berrirakurri nahi nuen iraganean bizi ziren zenbait emakumeren bizitza. Gaur egun kezkatuta gaude eredu disidenteekin, bada, horiek ere beste irudi bat direla aipatu nahi nuen. Oso garrantzitsua baita aniztasun hori. Liburua Marienean egin genuen ikastaro hartan jaio zen, hori izan zen abiapuntua. Hauxe pentsatu nuen: «Zerbait idatzi behar dut». Banenbilen nire zahartzaroarekin eta ingurukoekin bueltaka, feminismoarekin lotuta batez ere, ez nuelako ikusten asko idatzita zegoenik.

Hirugarren partean, manifestua bera doa, beste estilo batean idatzita. Hor «andrezaharrak» hitz egiten du.

«Manifestu bat da / esangurez bete nahi den / aldarri bat / gai, arlo, eremu batean non / esanahiak kerratuz doazen / eta errealitate berriak / isilik ere /garrasika hasten diren / Manifestu bat da / gure gaiaren eta gure gizartearen / Arrazoiaren aurka idaztea / leiho bat zabaltzea etorkizunera», idatzi duzu. Leiho bat zabaltzea da, ados; eta atzera bueltan datorkizun feedback-a nolakoa izaten ari da?

Orokorrean positiboa izaten ari da… baina nik beti esaten dut kritika negatiboak ez zaizkizula heltzen. Asko kostatu zitzaidan liburua bukatzea, buelta asko eman nizkion testuari eta baita idazketa formatuari ere. Aurrekoan nik baino urte gehiago dituen nire ezagun batek errieta egin zidan: «Irakurri dut zure liburua eta nola esaten duzu zu zaharra zarela?». Eta erantzun nion: «Nik liburuan ez dut ni zaharra naizela esaten». Hain justu, andrezaharra delako figura bat, jende askoren esperientzien gainean sortua. Dena den, gehitu nuen: «Nik 60 urte ditut. Ez dakit hori zaharra edo zer den, baina behintzat ez da gaztea izatea, ezta?». Badaude andre zahar asko beraien bizitza “berritu” dutenak edo berritzen ari direnak, eta horretaz ez dugu hitz egiten edo, behintzat, partzialki hitz egiten dugu, pentsioez mintzatzen garenean, esaterako. Baina sekula ez behar duen garrantziarekin, nire ustez. Feminismoan, adibidez, oso gutxi hitz egiten ari da honi buruz; lagunen artean bai, baina ez proposamen teoriko eta politiko moduan. Nireak proposamen politikoa izan nahi du, poetikoa eta politikoa.

Feminismotik gatozenak, adin batera iristean, ez gara gure amak bezalakoak, edo ez ginateke izan behar. Hau da, beste belaunaldi batekoak gara, gure familiak txikiagoak dira, edo ez dugu bikoterik... Beste bizitza klase bat dugu gure belaunaldikoek.

Hori da. Dena den, baditugu gauza batzuk gure amen garaikoak ere badirenak. Hor berreskuratu ditut neskazaharren istorioak ere, nire ustez beharrezkoa baita iraganera begiratzea, ez baitira egin irakurketa zabalak eta sakonak horri buruz; edo oso gutxi. Baina, bueno, egia da feminismoaren eragina ez dela berdina gaur egun edo duela 20-40 urte. Dena den, azpimarratu nahi dut liburuan aipatzen ditudan ezaugarri guztiak ez direla sartzen pertsona batengan, profil antzeko bat sortu nahi izan dut.

Manifestuan andrezaharrak esaten du: «Elkarbizitzari, bizikidetzari, eraikidura berriak asmatu dizkiot, orokorrean bezala hurbilean. Elkar babesteko taldea zein dudan ez ahaztu. Gaur banoa bazkaria prestatu behar duen lagunaren etxera, Bihar badut gaixorik dagoen adiskidea zaintzeko txanda. Egun batean, halabeharrez, ni neu ere zaindua izango naiz». Beste modu batera planteatzen da zahartzaroa, baina ez dakidana da hori nola garatuko den. Familia soilik ezean, laguntza eta erlazio sareak nolakoak izango dira etorkizunean?

Inguruan emakumeen arteko sareak ikusten ditut, gizonen artean ere bai, noski, baina emakumeenak bizitza sustatzera bideratuak daude zuzenean. Adineko emakume asko daude bikoterik ez daukatenak, edo bikotea izan arren, lagunen artean bizi direnak... Feminismoaren inguruan, argi eta garbi.

«Tribua» aldatu al da?

Ikuspegia aldatu behar dugu eta ahaidetasuna zer den zabaldu, osatu. Agian pertsona batzuk mantenduko dira batez ere familia nuklearraren edo odolkidearen mugetan eta askoz gehiagorik ez. Baina orokorrean harreman sareak ikusten dena baino askoz zabalagoak dira, elkarrekin bizi ala ez. Eta horretaz ezer gutxi esaten digute inkesta ofizialek.

Hain garrantzitsua da familiaren egitura gizarte honetan... zeren laguntzak horren arabera bideratzen dira.

Bai, baina, bestalde, emakume horiek, andrezahar horiek, badakite, edo intuitzen dute behintzat, bizimodu alternatibo bat sortzen ari direla, maila batean behintzat. Nire ustez, hor datza egiteko falta dena da, hau da, intuizio edo bizipen horretatik gogoeta politikora bidea egitea.

Olerki honen zatia oso adierazgarria da: «(...) Hiru lagunek ezohiko hizketari ekin diote / sexu-harremanei uko eta lasai dagoela dio batek / autosexualtzat du bere gorputza beste batek / hirugarrena maitalea estreinatu berritan da / serio aritu dira baina barre ere egiten dute tarteka (…) eta nik badut gordeta ermamietan / zure besaurrearen biguntasun goxoa». Badirudi, adin batetik aurrera emakumeak asexualak izan behar direla, eta ez da horrela.

Oso anitza da sexualitatea beti, zahartzaroan ere bai. Anna Freixasen liburuan (“Sin reglas. Erótica y libertad femenina en la madurez”, Capitan Swing, 2018) emakume zaharren gaia lantzen da eta erakusten da esperientzia oso anitza dela. Emakume batzuek bikotea dute (harreman sexualak izan ala ez) edo ligatzen dute; beste batzuek ez dute erlaziorik, ez dutelako nahi edo ezin dutelako; beste batzuk masturbatzen dira eta nahikoa dute… errealitatea gehiegi sinplifikatzen dugu. Eta bizitza osoan zehar bezala, mota guztietakoa da sexu esperientzia. Dena den, adineko emakumeek diote, adin batetik aurrera, distantzia bat sortzen dela sexualitatetik, seguruenik ez dituzulako jasaten gaztaroan dituzun presioak edo eskarmentuagatik… eta hori ere interesgarria da hain sexualizatua dagoen gizarte batean.

Nik liburuan zahartzearen irudi errealista eskaini nahi izan dut, minak eta kezkak ezkutatu gabe, ez nuelako gura andrezaharren irudi idealizatua egin nahi. Islatu nahi nuen ikusten nituen aldaketak… baina, era berean, azpimarratu zahartzea ez dela hain tragikoa. Zeren ezin bada hitz egin zahartzaroaz edo eufemismoak edo hitz peioratiboak erabiltzen baditugu (‘zaharruno’ eta halakoak) behin eta berriro, horrek esan nahi du ezkortzat jotzen dugula.

Ez dakit ados ote zauden Garcia Marquezen esaldi honekin: «Zahartzaro onaren sekretua bakardadearekin itun zintzoa egitea besterik ez da».

Bai, erabat ados. Hain justu “Amaren heriotzak libre egin ninduen” liburuan idatzi nuen emakumeok “bakardadea egiten” ikasi behar dugula. Hori irakurrita batzuek esan didate «emakumeok askotan egoten gara bakarrik», gizonek baino hobeto dakigula bakarrik egoten. Baina gauza bat da bakarrik bizitzen jakitea eta beste gauza bat da bakardade kreatiboa sortzea. Bakardade existentzial hori nolabait dastatu… Eta zahartzaroa aukera ona izan daiteke horretarako.

Eta gizon zaharrek zer ikasi beharko lukete?

Agian pretentziosoa da, baina uste dut Manifestuan esaten ditudan gauza gehienak baliagarriak direla gizonentzat ere, pixka bat egokituta. Hori baino gehiago, iruditzen zait gizonentzat baliagarria dena hobeto irudikatzen dugula emakumeok gaur egun. Emakumeok hobeto pertsonifikatzen dugulako zahartzaroari aurre egiteko modu alternatiboa eta zahartzearen aurrean egon daitezkeen kezkak baina baita ekarpenak ere.

Gaia aldatuta, Martxoak 8 gertu daukagu. Beldur naiz ez ote dagoen arriskurik, hain zabalduta egotean, feminismoaren izaera urtzeko. Ciudadanos-ekoek beraiek ere feministak direla diote eta!

Feminismoaren zentzuaz disputa bat ekarri du arrakastak; ea zein den feminista edo feministagoa, ea zein den feminismoaren subjektua… Justa Monterok, Madrilgo feminista ezagun batek, esaten du subjektu desberdinak daudela gaur egungo feminismoan, baina oso inportantea dela azken urteetan zabaldu den subjektu inklusiboa: oso irekia, oso zabala, binarismoarekin kritikoa, oso lurreratua (emakumeek jasaten dituzten arazo mota guztiei lotuta), oso anitza. Gustukoa dut nola hitz egiten duen subjektu feminista anitz horretaz. Esaten du ere arrakasta momentu batean gaudela, baina paradoxa asko daudela era berean…

Nire zahartzaroarekin eta ingurukoekin bueltaka nenbilen, feminismoarekin lotuta batez ere, ez nuelako ikusten asko idatzita zegoenik

Emakume horiek badakite, edo intuitzen dute, bizimodu alternatibo bat sortzen ari direla. Hor datza egiteko falta dena, intuizio horretatik gogoeta politikora bidea egitea

Nireak proposamen politikoa eta poetikoa izan &hTab;nahi duEmakumeok hobeto pertsonifikatzen dugu zahartzaroari aurre egiteko modu alternatiboa

Ikuspegia aldatu behar dugu eta ahaidetasuna zer den zabaldu, osatu. Orokorrean harreman sareak familia nuklearretakoak baina askoz zabalagoak dira