Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

«Ez genuen armagabetzea burutu presoak kartzeletan hiltzen uzteko»

Bakegileek eta Bake Bideak aho bilorik gabe hitz egin zuten Baionan. Emmanuel Macronek ez duela bere hitza bete iradoki zuten, baita euskal presoekiko Fiskaltzak agertzen duen jarrera salatu ere. Heldu den apirilaren 8rako mobilizazio eguna deitu dute, 30 ekimenen bidez 30 urteko kartzelaldia bete duten lau presoen etxeratzea eskatzeko.

Bake Bideak eta Bakegileek agerraldia egin zuten atzo, Baionan, ondoko hilabeteak erabakigarriak izanen direla ohar egiteko. Joan den urtarrilaren 11n Baionako karriketan 10.000 herritar bildu zituen manifestazioaren ondoren jada «fase berri batera igarotzeko» erronka finkatu zuten aipaturiko eragilek. Euskal presoen kolektiboko kide gehienak Lannemezan eta Mont-de-Marsango espetxeetan elkartu eta gero, azkeneko bi urteetan garatutako hurbilketen prozesua amaitutzat eman zuten. Horrekin batera, presoen auzia beste parametro batzuetan kokatzea ahalbidetuko lukeen salbuespen legedia bukatzeko beharra nabarmendu zuten.

«Gure mintzakideei etapa berria irekitzearen beharra mahaigaineratu diegu, baita itxoiten ditugun ondoko pausoak azaldu ere, baina ez dugu inolako ihardukirik izan», azaldu zuten atzoko agerraldian hitza hartu zuten Mixel Berhoikoirigoinek eta Anaiz Funosasek.

G7 taldeko gailurra egin baino hiru hilabete lehenago, euskal prozesua goraipatu zuen Biarritzen Emmanuel Macronek. Are, historia errepika ez zedin bere ekarpena egiteko prest agertu zen orduan frantziar presidentea. Alta, hitz horiek ez dira bete, ezta milaka lagunek karrikan horrela eskatuta ere.

Horren ordez, Fiskaltza antiterroristak hartu du hitza, gehienetan euskal presoei dagozkien auzietan «trabak jartzeko».

Hain zuzen, ondoko egun eta asteotan epaitegietatik erabaki garrantzitsuak etorriko direla nabarmendu zuten bakegintzaren eragileek.

Fernandez Iradi eta Esnal

Zehazki bi afera aletu zituzten. Alde batetik, larriki eri den Ibon Fernandez de Iradi preso lasartearrak zigorra eteteko eginiko eskaerari erantzuna emanen diote dei auzian, hilaren 27an. Bestetik, heldu den apirilean 30 urteko kartzelaldia beteko duten lau presoetako batek, Jakes Esnalek, baldintzapeko askatasunari buruzko auzi berri bati eginen dio aurre martxoaren 13an Zigorrak Aplikatzeko Auzitegian (TAP, frantsesez).

Auzi horien karietara ohar zehatza egin zioten bake eragileek Fiskaltzari: balizko erabaki positibo baten aitzinean ez dutela gehiago onartuko hark helegitea jartzea adierazi zioten.

30 urte, 30 ekimen

«Armagabetzea bake prozesua bultzatzeko asmoarekin burutu genuen; ez, ordea, presoak kartzeletan hiltzen uzteko», bota zuten ondoren. 2017ko apirilaren 8an iragan zen ekimen historiko horren hirugarren urtemuga beteko da aurten. Era berean, apirilean lau lapurtarrek –Parot anaiek, Jakes Esnalek eta Xistor Haranburuk– 30 urte beteko dituzte kartzelan.

Heriotza zigorra berrezartzeko baino gehiago bakea eraikitzeko garaia dela nabarmentzeko mobilizazio eguna iragarri zuten, eta eragile guztiei, bereziki euskal gizarteari, dei egin zieten «30 urte aski dela» esateko apirilaren 8rako antolatuko dituzten 30 ekimenekin bat egin dezatela.

Calles y plazas, otro viernes con los derechos de los represaliados

Las concentraciones por los derechos de los represaliados reunieron ayer a centenares de personas. En Amurrio, fueron 70 personas, Legorreta (16), Lazkao (58), Iruñea (126), Durango (84), Ugao (60), Bera (19), Berriozar (20), Arbizu (30), Gasteiz (280), Galdakao (79), Añorga (16), Mutriku (60), Ondarroa (125), Lekeitio (98), Oñati (69), Getaria (46), Zarautz (140), Deba (52), Bergara (33), Agurain (42), Zornotza (53), Orereta (146), Lezo (22), Etxarrri (50), Hernani (167), Andoain (44), Oiartzun (54)... GARA