Andrés OSA «SAKONA»
Munduko sokatira txapelketa

Klub mailako emaitzak oparoak izan dira, eta orain erronka nazioen artekoa da

Atzo burutu ziren klub mailako kategoria guztietako tiraldiak, eta euskaldunentzat uzta oparoa izan da. Izan ere, bi egunetan dozena erdi bat domina metatu dira, tartean urrea ere bai.

600 kilotan gizonezkoak esku hutsik geratu ziren. Neskak bai 500 kilotan. 640koan urrezko domina Mountain taldeak jaso zuen, zilarra Deinum Bristsunek eta brontzea Monnichendamek. 23pekoen artean 600 kilotan Txina Taipeiko bi talde izan ziren aurrenak, Watermannen hirugarren eta laugarren Berriozar. 500 kilotan urrea Badaiotzek, zilarra Txina Taipeik, brontzea Beti Gaztek –eta laugarren Txantrea–. 600 kilotan, Ibarra eta Beti Gazte hiru aurrenekoen artean izan ziren.

Gaur eta bihar bestelakoak izango dira kontuak. Nazio mailan helburu horrekin lan eginda talde indartsuak agertuko dira, Txina handia falta da, baina Irlanda, Ingalaterra eta Holandak jasoko dituzte domina gehienak, batez ere gizonezkoetan.

Euskaldunen artean esperantza gehiena Beti Gaztek 540 kilotan eta Badaiotzek 500 kilotan emakumezkotan. Gaur izango dira 680, 580 mistoa eta emakumeak 540koan, Beti Gazte arituko da, eta 560 kilokoan Ibarra. Bihar, 600 kilotan Beti Gazte; 640an Ibarra; eta 500 kilotan Badaiotzeko emakumeak.