Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

«Nafarrak berdintasunean tratatzeko garaia da, euskara eskubidea delako»

«Euskara eskubidea. Ni más, ni menos» lelopean manifestazioa eginen dute Iruñean, otsailaren 29an, euskal ikasleen oztopoak salatzeko.

Golem zinemetatik abiatuko da mobilizazioa, hilaren 29an, 17.00etan. “Euskara eskubidea, ni más ni menos” lelopean. «Gaur-gaurkoz, euskaraz ikasteko oztopoak ditugu Nafarroa osoan eta irakaskuntza maila guztietan», ekarri zuten gogora kaltetutako hainbat gurasok Iruñean egindako agerraldian. Euskaraz bizitzea «hautua» dela defendatu zuten eta hau «modu egokian» egiteko aukera bakarra euskarazko murgiltze eredua dela nabarmendu. «Barkaezina da gure hizkuntzaren irakaskuntza nafar guztiei ez bermatzea Nafarroako instituzioek».

Iruñean, azkena, haur eskoletan emanen den atzerapausoa da. Urte luzez Nafarroako hiriburuan bi haur eskoletan soilik eskaintzen zen euskarazko eredua eta, aurreko legealdian, Joseba Asironek hori bikoiztu egin bazuen, orain Enrique Mayak (NA+) bi haur eskoletara mugatu du berriz ere. Eta horietako batek bakarrik izango du murgiltze eredua. «Eskaintza eta eskaria binomioaren atzean ezkutatu nahi da euskarafobia gordina». Honek Antsoaingo haurrei ere eragingo die, bertan euskarazko eskaintzarik ez dagoenez, Iruñera jo ohi baitute.

Haur eskoletatik harago, Mendigorri eta Castejongo kasuak ere izan zituzten hizpide. «Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako herritar gisa tratatuak», salatu zuten.

Trabak eremu misto eta ez-euskaldunetik harago doaz. «Sakanan arazoak daude Lanbide Heziketa euskaraz egiteko eta euskaraz ikasteko beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dute», gehitu dute, NUPeko eskaintza urria dela-eta.

Era berean ez zituzten ahaztu euskarazko hedabideei kendutako dirulaguntzak, ordenantzen murrizketak, ezta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean edo Lizarran pairatutako zentsura ere. «Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Aurrera egiteko garaia da. Nafar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más ni menos».