Ibai AZPARREN
IRUÑEA
ZITAZIOAK AUZITEGI NAZIONALEAN

Ikertutako ezker abertzaleko sei kidek Madrilen deklaratu dute

Presoen harrerak biltzen dituen auziaren baitan ikertutako ezker abertzaleko hamabi lagunetatik seik Auzitegi Nazional espainolean deklaratu zuten atzo. «Terrorismoa goratzearen delitu jarraitua» leporatu diete, baina galdeketa Kalera Kalera dinamikaren ingurukoa izan zen, defentsako abokatuek GARAri adierazi diotenez.

Joan den urtarrilaren 22an, Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak atxilotu zituen Guardia Zibilak eta kuarteletara deklaratzera eraman, presoei ongietorriak antolatu izana leporatuta. Orduan jakin zen auzi handi bat eratzen ari zela Auzitegi Nazionalean, antza azken urteotan euskal presoei egindako 95 harrera biltzen dituena.

Ikerketa horren beste atal baten barruan, ezker abertzaleko hamabi kide aski ezagun Auzitegi Nazionalera deitu zituzten otsailaren 20an. Horren harira, Amaia Izko defentsako abokatuak jakinarazi zuen atzo deklaratu zutenei, Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaletari, «terrorismoa goratzearen delitu jarraitua» leporatu dietela, baina Kalera Kalera dinamikari buruz galdetu zietela bereziki.

«Dinamikaren egituraren inguruan galdetu diete, arduradunen inguruan, egitura eta antolaketaren inguruan», adierazi zuen Izkok. Bestalde, urtarrileko sarekadan atxilotutako lagunek martxoaren 3an deklaratu beharko dutela iragarri zuen.

Auzitegi bereziaren atarian Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak salatu zuenez, «marmota errepresiboaren egun berri baten aurrean gaude, non euskal herritarrek euskal herritarrak eta katalanak epaitzen dituen errepresioaren laborategi honetan deklaratu behar duten».

«Kezkagarria eta zentzugabekeria da Euskal Herrian bakearen eta normalizazioaren alde lan egiten duten ordezkari politikoek salbuespen auzitegi horretatik igaro behar izatea. Ez da kasualitatea, eskubide eta askatasunetan aurrera egiteko aukera eta agertokiak irekitzen direnean, Estatuko aparatu ilunek normalizazio bide hori sabotatzen saiatzea eta iraganeko errezetetara jotzea», gaineratu zuen.

Sorturen ustez, auziak helburu garbi bat du: «Independentismoak Estatuan ahalbidetu duen agertoki berriak zabal dezakeen edozein aukera zapuztea». Komunikatu baten bidez, alderdiak urtarrilaren 20ko operazio horren guztiaren atzean «Estatu sakona, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa» dagoela nabarmendu zuen.

Izan ere, Sorturen iritziz, atxiloketek eta zitazioek «ez diote logika judizial bati erantzuten», Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetu duten egoera berriari baizik.

«‘Estatu sakona’ modu iraunkorrean saiatzen ari da edozein aukera-leiho zapuztu nahian, ez du nahi gatazkaren ondorioen zein zergatien arloan aurrerapausorik eman dadin», azpimarratu zuen Sortuk.