Andoni ARABAOLAZA
Mendia

Kale edo bale Everesten

Alex Txikonen espedizioak atzo ekin zion behin betiko saiakerari. Bien bitartean, Jost Kobusch alemana erretiratu egin da.

Larunbatean amaituko zaie epea Everest neguan igotzen saiatzen ari diren espedizioei. Beraz, behin betiko saiakeren aurrean gaude. Bi talde daude horretan. Horietako bat Alex Txikonek zuzentzen duena da. Atzo goizean (6.3oean) irten zen kanpaleku nagusitik. Lemoarrarekin batera bost nepaldar: Chhijii Nurbu, Pechhumbe, Tenjen, Furba eta Cheppal xerpak.

Boskotearen asmoa 5.400 metrora dagoen kanpaleku nagusia eta bigarren kanpalekua (6.430 metro) lotzea zen. Ez zuten lortu, ordea: «Irteera hotza eta eguraldi lainotsua izan genuen. Eta, lehen aldiz, elurra egin zigun. Horrek taldearen martxa moteldu zuen. Eta, gainera, Khumbuko izotz-jauziko zati batzuk hornitu behar izan genituen. Horrela, gaua lehen kanpalekuan igarotzea erabaki genuen. Gaur bigarren kanpalekura abiatuko gara eta, baldintzek uzten badute, baita gorago ere. Ondo eta animatuta gaude».

Zalantzarik gabe, alpinista bizkaitarrak zaila baino zailagoa du datorren larunbata baino lehen helburua lortzea. Eguraldia ez dute lagun, eta Everest bezalako mendi garai bat igotzeko ez daude girora erabat egokituta. Orain arte igo duten kota altuena ia 7.000 metrokoa da. Bide batez, kontuan hartu behar dugu, bere espediziokideek ez bezala, Txikonek ez duela oxigeno artifizialik erabiliko.

Txikonen taldea ez da une honetan Everesten magalean dagoen bakarra. Herenegun, Breathless Winter Everest izeneko egitasmoa Katmandun aurkeztu zen. Seven Summits agentziak bultzatutakoa da, eta bere xedea larunbata baino lehen Everest igotzea da. Hots, errekor baten bila irten dira: abiadurakoa.

Espedizio horren buru Tashi Lakpa da, eta haren agindupean beste alpinista hauek daude: Ming Temba, Halung Dorchi eta Pasang Nurbu. Guztiak nepaldarrak dira.

Aurkezpena bukatu bezain pronto, bost alpinista hauek kanpaleku nagusira eraman zituzten helikopteroz. Beraien asmoa atzo bertan bigarren kanpalekura heltzea zen. Biharamunean, bigarren eta hirugarren kanpalekuak lotu nahi dituzte. Ostegunean, berriz, hirugarrena eta laugarrena. 28an atseden hartuko lukete, eta 29an gailur eguna izango litzateke.

Talde honen jardunaren inguruan Txikonek adierazi du berriak ezustean harrapatu zuela: «Bi talde independente gara baina, hala ere, elkarrekin lan egingo dugu. Ikusiko dugu aliantza honek nola funtzionatzen duen. Guk Khumbuko izotz-jauzia ekipatu dugu, baina ez dugu eskubiderik talde horri betorik jartzeko. Beraiek nepaldarrak dira, eta ni, turista bat beren herrialdean».

Seven Summit agentziak sustatutako espedizio honek ez du erabat argitu oxigeno artifiziala erabiliko ote duen. Hainbat berriemailek dio saiatuko direla botila horiek ez erabiltzen.

Erretiratu egin da

Everest igotzen ahalegindu den hirugarren espedizio bat ere izan da. Tira, espedizio bat baino alpinista bakar bat izan da. Jost Kobusch da, 27 urteko alemana.

Alpinista honek asmo handiko xedea zuen. Bakarka saiatzeaz gain, ez zuen Txikonek bezala hego isurialdeko ohiko bidea aukeratu. Ez horixe. Duela 30 urte lehen aldiz igo eta orain arte errepikapenik izan ez duen bide batean sartu zen. Hitz gutxitan esanda, alpinista gazte honek mendebaldeko ertza, Hornbein korridorea eta gailurra lotu nahi izan ditu.

Kobuschen helburuak ikusmin handia piztu zuen. Hark hartutako erabaki hori gogor kritikatu zuten espezialista batzuek. Beste batzuek, berriz, ezer gutxi egin ahal izango zuela ziurtatu zuten.

Batzuen eta besteen iritziei honela erantzun die: 7.200 metro. Hori da 27 urteko gazte horrek bakarka lortu duen kota garaiena. Hots, Mendebaldeko Sorbalda izenez ezaguna den sekzioa. Joan den astelehenean iritsi zen puntu horretara. Oraindik ez dago berri zehatzik, baina egun horretan sekzio horretatik jaitsi eta kanpaleku nagusira itzultzea erabaki zuen. Horrekin batera, espedizioa bertan behera utzi zuen.

Gogora dezagun hil honen 20an irten zela Kobusch kanpaleku nagusitik. Arratsalde horretan Lho La izeneko lepora heldu zen. Pareta hori zabaltzeko eta ekipatzeko lan eskerga egin behar izan zuen, eta, aipatu bezala, Mendebaldeko Sorbaldara heldu ondoren, jaisteko erabakia hartu zuen.