A. ARTOLA
DONOSTIA

«Ortzimugaren sustraiak», Elkanoren eskutik XVI. mendeko Getariara

XVI. mendeko Getariarako hurbilketa fotografikoa izan nahi du “Las raices del horizonte / Ortzimugaren sustraiak”, Elkano fundazioaren eta Xibarit elkartearen ekimenez argitaratu berri den liburukiak. Argitalpena atzo goizean aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta bertan izan ziren liburuaren egileak, Joseba Urretabizkaia eta Alvaro Bermejo, Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaile Rafael Zulaika eta Itxaro Borda, ediziorako hitzaurrea osatu duena.

Zulaikaren hitzetan, XVI. mendeaz ugari idatzi bada ere «aro ezezagun bat izaten jarraitzen du, eta uste dugu gai honek merezi dituela ikerketa eta begirada berriak». Bide horretan, argitalpenak Juan Sebastian Elkanoren eskutik aro horretarako Getariarako hurbilketa izan nahi duela argitu zuen. Zehazki, liburukiak 90 argazki inguru biltzen ditu. Horietan Gipuzkoako kostaldeko herri honetako zenbait txoko identifikatu ahalko ditu liburua esku artean duenak. «Herriko kaleetan barrena bertako jendearekin ibiliz, garai hartako euskal gizartearen testuingurua azaltzen duen erretratu kolektiboa egiten du lanak», nabarmendu zuten aurkezpenean.

Argitalpena, momentuz, Donostiako Hontza liburu dendan dago eskuragai. 500 ale zenbakitu eta mugatu argitaratu dira eta 35 euroren truke eskura daiteke.

Egileek azaldu zutenez, Elkanoren «garrantzi globalari buruzko ikerketa batekin» abiatu zen proiektua, «ikuspegi historiko garaikide batetik» eta «makrotik mikroetara»-ko bidea egiteko helburuarekin. Hala, XVI. mendeko Getarian barneratzen da eta garaiko Sevillara ere egiten du joan-etorria, Kontratazio Etxera. Elkanok Espezieen uharteetara (Molukak) egin zuen bigarren bidaia ere aipatzen da liburuan eta Andres Urdaneta ere azalduko zaio irakurleari: Elkanok lehen mundu bira gauzatu eta 40 urtera itzulerako bidea ekialdetik egitea lortu zuen Urdanetak.

Hitzaurrea

Itxaro Bordak ondu du argitalpenaren hitzaurrea. Aurkezpenean haurtzarotik itsasoarekiko duen miresmenaz jardun zen idazle baionarra: «Nire familia barnealdekoa da baina orain kostaldean bizi naiz eta eskura daukat itsasoaren zoramen hori, bizitzarena eta heriotzarena».

Hamar urte zituela gizakia ilargira heldu izana miresmenez jarraitu zuela ere esan zuen, «baina gure adinekoek ez zuten sinesten. Elkanoren bira ere zaila izango zen sinesten jende arruntarentzat, baina beste ikuspegi sozial bat ireki zuen, eta hori Elkanori esker izan zen», esan zuen. Aldi berean, zenbait argazkitan egungo getariarrak garaiko jantziekin erretratatu izana ere goratu zuen, «hor sentitzen baita herri baten bizitza, herri baten burbuila hori».