Karlos Aretxabaleta «Txapel»
KOLABORAZIOA

Garena erakutsi nahian

Gaueko hamarrak dira Axular kultur elkartean. Edalontzien txilin-hotsek bat egiten dute noizbait jendearen berbaroarekin, eta ingurumarian nagusi dira garagardoa, kea eta Arratiko gazteen itzalak. Azken horiek hor-hemenka dabiltza, barreka, kontu-kontari, Igorreko herriko tabernak eskaintzen duen argi ahula profitatuz, mamuak bailiran. Zerbitzariak horrenbeste gustatzen zaion Motörhead musika taldea jarri du, eta la basca berotuz doa. Ni, ordea, neure baitan bilduta nago, arantzak barrurantz itzuliak dituen sagarroiak bezala, ezin baitut burutik kendu aurrez gaur irakurri berri dudan esaldia: «garana agertu beha june».

Nokaren edo andrazkoen hitanoaren pizkundea ez da bart arratseko kontua, izan ere, aspaldion ikerketa teoriko-praktiko eta egitasmo nahikotxo abiatu dira lagunarteko hizkera hau emakumeen artean berpizteko: Antzuola, Azpeitia, Oñati, Gabiria, Baztan, Arratia... Beharbada, eskualde edo herrialdearen arabera, hikak berak ez du zertan izan aparteko xarmarik, baina ni bezalako kalekume batentzat –gainera, beste eskualde batekoa– tratamendu honek duen exotismoa ukaezina da. Istant batez gure aitona-amonen garaira hurbil gaitzake, euren moldera, euren hizkera aberats eta kutun horretara, eta zergatik ez, kasu batzuetan «euskaldunago» sentiarazteko boterea duela uste dut; nire kasuan, sikiera, «Arratiakoagoa». «Zer gurona ba? Kalekumea nona».

Adierazpen idealistak –edo inozoak– alde batera utzita, esan liteke XXI. mendeko bigarren hamarkada honek ateak zabaldu dizkiola nokari, eta hizkuntzaren bidez emakumea ahalduntzeko prozesu berri bati. Aparteko begi klinikorik ez dudan arren, ez dut uste aditua izan behar denik Euskal Herriko eskualde batzuetan andrazkoen hitanoaren galera erabatekoa dela jakiteko, edo tradizio handiko eskualdeetan (Goierri edo Urola), orain arte, behintzat, nokaren atzerakada nabarmena izan dela antzemateko.

Arratia-Nerbioi eskualdean, kasurako, gizonezkoen ahotan baino ez da entzuten hika, andrazkoena ia-ia erabat baztertu baitzen joan den mendean zehar, baldarra eta mari-mutilena zelakoan. Haatik, galeraren zergatiek aparteko kapitulua beharko lukete, baina emakume bati baino gehiagori entzun diot hika aisialdiko edo tabernako kontua zela; bada, ahal izatekotan, nork goza zezakeen aisialdiaz edo tabernez orain ehun urte, gizonek edo emakumeek? Pentsa liteke XXI. mendeak balazta oreka lezakeela hitanoari dagokionez.

Zorionez, badirudi, Euskal Herriko kolektibo desberdinak, belaunaldien arteko harremanak sustatuz, noka suspertzearen alde zein berreskuratzearen alde egiten ari direla. Biba zuek! Bada, ongi etorria eman diezaiogun erronka berri honi. Arratiako bailaran ere, oso modu apalean, horretan gabiltza, horretan dabiltza han-hemengo emakumeak –eta gizon gutxi batzuk ere– noka eurena, geurea, egin nahian, ahora ekarri nahian; eta zergatik ez, hasieran aipatu bezala, garena agertu edo erakutsi behar dugulakoan, garena erakutsi nahian!