Arnaitz GORRITI
Euroliga

Municheko bulkadaz gorantz jarraitu nahi du Baskoniak

Berlingo Alba errotazio oso murritzarekin, lesioz josita iritsiko da Gasteiza.

Kirolbet Baskoniak bi garaipen kateatu berri ditu Euroligan, Izar Gorria eta Municheko Bayern menpean hartu ostean. Garaipen horiek biek sailkapenean gorantz bultzatu dute talde gasteiztarra eta bultzada, edo agian bulkada edo inpultsu horren ondorioz, goranzko bidean segitu nahiko dute Dusko Ivanovicenek gaur gauean ere. Gaueko 21.00etan Berlingo Alba azalduko da Buesa Arenatik, lesioz josita azaldu ere, eta sailkapenean gorantz jarraitzeko aukera aprobetxatu gura dute etxekoek.

«Asko daukagu hobetzeko, baina era berean, talde defentsa bikaina egin dugu tarteka Bayerni irabazteko. Sekula baino gehiago, talde garaipena izan da», bota zuen Ivanovicek asteazken gauean Municheko Audi Dome kantxan 71-80 irabazi ondoren. «Jokalari txikiekin ongi konpondu gara, baina onena jokalari guztiek garaipena lortzeko zerbait eman dutela izan da», esan zuen Montenegrokoak.

Dela taldeko lanari esker, dela defentsa gogorragatik, Kirolbet Baskoniak Euroliga honetako hamaikagarren garaipena erdietsi zuen asteazkenean. Hau da, zortzigarren postuan den Zalgiris Kaunasengandik garaipen bakarrera dago talde arabarra; hamahirugarren, hala ere, Armani Milanokoarekin berdinduta eta Zalgiris Kaunas, Khimki, Valentzia eta Olympiacosek baino garaipen bat gutxiagorekin. Hurrengo bi jardunaldietan Tel Aviveko Maccabiren eta Anadolu Efes liderraren etxean jokatu behar duenez, hurrenez hurren, hobe du Baskoniak gaur gaueko partidari zukua ateratzea.

Aitoren eskua

Aito Garcia Reneses handiak zuzentzen duen Berlingo Alba, berriz, hamaseigarrena da, 9-18ko balantzeaz. Herenegun partida egokia jokatu zuen Bartzelonaren aurka, nahiz eta Peiton Seiva eta Stefan Peno antolatzaileak eta, batez ere, Rokas Giedraitis hegaleko lituaniarra falta izan.

Azkenean Bartzelona 80-84 nagusitu zen, baina alemaniarren entrenatzailea «harro» azaldu zen, «lesioak lesio, lehiakor izan garelako».

Jokatu dituen azken zazpi neurketetatik bi baino ez ditu irabazi Albak, baina horrek ez du, nonbait, larregi kezkatzen alemaniarren entrenatzaile espainiarra.

«Ez gara partidak irabazten ari; aitzitik, aurkarien errespetua ari gara irabazten», bota zuen madrildarrak Bartzelonan galdu eta gero. «Lesioak eta dagokigun egutegiak gauzak asko zailtzen dizkigu, baina bikaina da taldea nola lehiatzen den ikustea, intentsu eta kontzentrazioz jokatuz, amaitu zuen.

Jakina da aspalditik, Aito Garcia Renesesen eskutik jokalari gazteek asko hobetzen dutela. Hala, aipatu Giedraitis ez ezik, Martin Hermannsson antolatzaile islandiarra ere asko ari da hobetzen aurtengo Euroligan, baita 20 urte bete berri dituen Jonas Mattisec eskolta alemaniarra ere, besteak beste. Argi ibili beharko dute, beraz, Ivanovicenek Berlingo Alba honekin; presiorik gabe, eta hiruko jaurtiketetan asmatzen badute, min handia eman diezaiokete-eta talde gasteiztarrari.

«Denboraldi serioaren» hastapenak gogoan

Berlingo Albaren aurka egin zuen debuta Dusko Ivanovicek Baskoniaren aulkian, joan den abenduaren 26an. Orduko hartan, depresioak jotako Kirolbet Baskoniak egur galanta jaso zuen: 81-57, Giedriatis, Hermannsson eta Landry Nnoko pibotaren eskutik.

«Baskoniaren denboraldia serioski, benetan, gaur gauean hasten dela esan diet jokalariei», bota zuen orduan Ivanovicek. Ordutik, Euroligako 11 partida jokatu dituzte gasteiztarrek, eta balantzea 5-6koa da. Ea gaur gauean berdintzea lortzen duten.A. G.