GARA
GASTEIZ

Ardien begirada zuri-beltzean harrapatu du kameraz Yone Estivarizek

Emakume artisten lana mahaigaineratzea helburu duen ARTgia sorgune & aretoaren EmART programa martxan da. Honen baitan, Yone Estivariz argazkilari gasteiztarraren “Latxa” lana dago ikusgai.

Argazkiak zuri-beltzean daude, baina koloretan baleude ere, aldea ia ez litzateke antzemango. «Ardien kolore zuria nabarmentzen da argazki bakoitzean, begiratzen diguten noizbehinkako puntu beltzekin. Ondo definitutako mutur horien artean, gris etereoak paleta monokromatikoaren gainerako espazio osoa betetzen du», azaldu du egileak. Zeru grisa, harri grisak, klima latza, bide latzak. «Ez da harritzekoa ardiak ere horrelakoak izatea. Latxa hitzak ez du besterik esan nahi, latza euskaraz baizik. Eta izena bere artilearen ezaugarritik eratorria bada ere, bere begiek agerian uzten dute ez dela bere azala estaltzen duen mantura bakarrik mugatzen», eransten du.

Begirada horien atzean dauden sentimenduak asmatzen jolasteko tentazioa sentitzen du Estivarizek. «Axolagabekeria, inguru grisa haietan sartu izan balitz bezala; etsipena txakurren eta artzainaren aginduen aurrean. Beldurra haien gainean hegan dabiltzan putreei. Bere salbazioa, bere kideak. Bai bikoteka, bai talde txikietan edo artaldean, baina ez bakarrik». Eta lehen batek axolagabekeria ikusten zuen lekuan orain lasaitasuna ikusten du.