GARA
BILBO

Alokairu libreko etxeen prezioa %3,4 hazi da EAEn

Etxebizitzaren alokairu libreko kontratuen batez besteko errenta %3,4 hazi zen EAEn 2019ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta hileko batez bestekoa 667,6 eurokoa izan zen, nahiz eta 800 eurotik gorakoa izan Donostian eta Getxon, Lakuako Gobernuko Etxebizitza Sailaren datuen arabera. Udalerrien arteko aldea oso nabarmena da biztanle kopuruen arabera. Hiriburuetako auzoen artean ere alde handiak daude.

Lakuako Gobernuko Etxebizitza Sailak atzo argitaratu zuen Alokairuaren Merkatuaren Estatistikaren (EMA) bigarren atala, 2019ko ekainaren 30ean eguneratutako datuekin. Tresna horrek Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuen batez besteko prezioari buruzko informazioa ematen du, udalerrika eta auzoka, hiru hiriburuen kasuan.

EMAren datuen arabera, alokairu libreen hileko batez besteko errenta 667 eurokoa da EAEn, eta hiru hiri garestienak Donostia (880 euro), Getxo (847 euro) eta Zarautz (770 euro) dira.

Donostia dago metro koadroko errenta rankingaren buruan, 11,5 eurorekin, eta atzetik ditu Getxo (10,3), Bilbo (10,1), Zarautz (9,6) eta Leioa (9,5). Gasteizen, metro koadroko batez besteko prezioa 7,7 eurokoa da.

2015eko Etxebizitza Legetik abiatuta sortutako erregistroetan nahitaez jarritako fidantzetan oinarritzen da EMA, eta, beraz, «errentariek benetan ordaindutako prezioak jasotzen ditu, ez jabeek iragarrita dituzten pisuengatik eskatzen dituzten prezioak», zehaztu zuten. Hain zuzen ere, iazko ekaina ixtean indarrean zeuden kontratuak jasotzen dira hiru lurralde erregistroetan, 52.024 guztira.

Hazkunde tasa

2019ko bigarren hiruhilekoan sinatutako kontratuen batez besteko errentaren urte arteko hazkunde tasa, 2018ko hiruhileko berarekin alderatuta, % 3,4koa da, 2018ko ekitaldian izandako hazkundea baino hamarren bat txikiagoa.

Hiru herrialdeetan, batez besteko errentaren hazkunde tasa apur bat moteldu da urte arteko terminoetan. Zehazki, Araban %4,8 hazi da, 2018ko %5,2 baino lau hamarren gutxiago, Bizkaian %3,4 (%3,1 2018an) eta Gipuzkoan %2,8 (%4,3 2018an).

Alokairuaren hileko batez besteko errenta 667 eurokoa bada ere, udalerrien arteko aldea «oso handia» da, azaldu zutenez, eta biztanleria kopurua zenbat eta handiagoa izan orduan eta handiagoa da alokairu kontratuen batez besteko prezioa ere.

Horrela, batez beste, alokairuaren prezioa 745 eurokoa da 100.000 biztanletik gorako udalerrietan; 600 eurotik gorakoa 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerrietan (670 euro) eta 20.000 eta 40.000 bitartekoetan (629 euro); 535 eurotik 594 eurora bitartekoa 2.500 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan; eta 504koa 2.500 biztanletik beherako udalerrietan.

Auzoen arteko aldea

Hiriburuen barruan auzoen arteko aldea handia da. Gasteizen, Zabalgune (687 euro) eta Lakua (636 euro) auzoetatik Alde Zaharrarera alde handia dago, bertan batez besteko alokairu errenta 532 eurokoa baita. Hala ere, metro koadroko azterketan diferentzialak txikiagoak dira, etxebizitzen azalera askotarikoa delako.

Bilbon, Abandok nabarmen gainditzen ditu gainerako auzoak, eta 953 eurora iristen da; Otxarkoagari dagokion batez besteko errenta (626 euro) baino %50 handiagoa. Abandoko metro koadroko prezioa 12 eurotik gorakoa da; gainerako auzoetan, berriz 9 euro ingurukoa da.

Donostian, hondartzen inguruko auzoetako etxebizitzen batez besteko errenta handia da: 994 eurokoa Antiguan, 978 eurokoa erdialdean eta Parte Zaharrean, eta 900 euro ingurukoa Grosen eta Amaran.

Estatistikaren arabera, sasoiko etxebizitzak ez dira kontuan hartzen (Donostian «oso ohikoak»), eta batez besteko horiek are gehiago gehituko lirateke. Aldiz, hiriko gainerako auzoetan alokairu libreko etxebizitzek batez beste 709 euroko inguruko errenta dute.