2020/03/18

Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
Amannen eredua
Amannen eredua arbuiatu eta politika publiko argiak behar ditugu. Osasun eta ikerketa sistema publikoek dirua behar dute. Eta oinarrian behar dute

Orain arte, osasun sistemaren finantzaketan, Amancioren eredua ezagutzen genuen; Amancio Ortegarena. Munduko fortuna handienetakoa duen enpresariak limosna baten truke zuritzen du bere izena. Isildu egiten ditu salaketa guztiak ordaintzen ez dituen zergei buruz, Asiako herrialdeetan praktikatzen duen esklabotzaz edo eragiten duen desastre ekologikoaz. Nahikoa da Gurutzetako ospitaleari eskaner bat erostea, komunikabideetako titular handien bidez izena garbitzeko.

Iruña-Veleia kasuak ikerketa sistema finantzatzeko beste eredu bat jarri du agerian: Amannena; Alvaro Amannena. EAEko Gobernuko Garraio sailburuak Araban EuskoTrenen irudia sustatu nahi zuela-eta Eliseo Gili hots egin omen zion zuzenean. Amannek berak, Arabako diputatu nagusi Ramon Rabanerak eta Eliseo Gilek itxi omen zuten tratua (futbol estadio baten palkoan!). Gilek bere enpresa, Lurmen, finantzatzea lortu zuen horrela. Sistema publikoak ezarritako arauetatik aske, Gilek lagun bat kontratatu omen zuen. EuskoTrenek proposatuta, kualifikazio profesional handirik gabeko EAJko kideren bat ere bai. Emaitza ikusgarriak eskatzen zituen EuskoTrenek. Eta gero gerokoak.

Amannen eredua uste baino hedatuago dago. Banku honek edo enpresa publiko hark, diputazio honek edo udal horrek, bakoitzak bere kasa hautatzen du bere kausa. Eta bere aditua. Palko honetan edo jatetxe hartan egiten dute tratua, alde batera utzita sistema publikoen lehentasunak, kalitate irizpideak eta kontratazio sistema gardenak.

Amannen eredua arbuiatu eta politika publiko argiak behar ditugu. Osasun eta ikerketa sistema publikoek dirua behar dute. Eta oinarrian behar dute. Azpiegituretan bai; baina, batez ere, formazioan eta ikerketan. Irakasle eta ikertzaile gehiago behar ditugu lan baldintza duinetan eta ez gaur egungo prekarietatean. Oinarrizko ikerketak izan behar du lehentasuna, eta ez, orain bezala, izenak handitzeko (edo zuritzeko) teleberrietan oihartzun handia lortzera bideratutako proiektu puntual arranditsuek. Jarraitzaile gehiegi dauzka Amannen ereduak, zoritxarrez.