Joxemari CARRERE
BERROGEIALDIA IGAROTZEKO IPUIN-KONTAKETAK

Esateak egiten gaitu

Gizateriaren existentziaren denbora tarte handienak ahozkotasuna izan du komunikatzeko baliabide nagusi eta bakarrenetakoa. Izan ere, XX. mendean gure Europa moderno honetako biztanle asko eta asko analfabetoak ziren, eta XXI. mende telematiko honetan ere, munduan milioika dira irakurketaren zein idazketaren sekretuak ez dakizkitenak. Ahozkoak izan dira eta dira munduan kultura asko eta asko. Euskaldunok ere esan genezake gure kulturak ahozkotasunari esker biziraun duela. Eta ahozko transmisio horretan kantuak, bertsoak eta ipuinak izan dira nagusi. XX. mendearen erdialdetik aurrera ikus-entzunezko hedabideen eraginak ahozko adierazpide artistikoen galbidea areagotu zuen. Mundu osoan gertatu den fenomenoa dugu hori, hizkuntza eta kultura menperatuak kaltetuenak direlarik. Ahozko kultur adierazpide artistiko horiek komunitatearen izaera eraikitzeko eta mantentzeko tresnak izan dira.

Zorionez, arazo horretaz oharturik, aspaldian hasi ziren bilketa lanak egiten eta kultur mugimenduak eratzen, belaunaldiz belaunaldi eraiki izan diren adierazpide artistiko eta kultural horiek gal ez daitezen. Unesco Munduko Ondare Immaterialak zerrendatzen hasi zen, horien artean ahozko adierazpide artistikoak. Derrigorrezko etxeratze garai hauetan, munduan barrena dauden adierazpen kultural horiek ezagutzeko eta horiekin gozatzeko parada badugu. Naqqãli kontalaritza irandarra, Ugandako Koogere emakume heroiaren kontakizuna, Palestinako emakumeen Hikaye…. Kantua, dantza, kontakizuna, denak elkarren osagarri, herrien izaeraren eraikitzaile; komunitatea indartzeko eta denboran barrena irauteko adierazpen artistikoak. Deskubrimendu ederrak egingo ditu gerturatzen denak, eta, beharbada, norberaren ahozko kultura zertan den gogoeta egiteko balia daiteke.