Haritz LARRAÑAGA
AIRE

NEURRIAK GOGORTU DITUZTE IPAR EUSKAL HERRIAN; SURFLARIRIK EZ BIARRIZKO HONDARTZA HANDIAN

IPAR EUSKAL HERRIKO BIZTANLEEK MUGIMENDU ASKATASUNA ZUTEN ASTELEHEN GOIZEAN. ASTEARTE GOIZEAN, ORAINDIK, ZIURTAGIRI BATEKIN BAKARKA KIROLA EGITEKO ESKUBIDEA ZUTEN. ATZOTIK, ORDEA, EUSKAL HERRI OSOKO HERRITARREK BETE BEHARREKO NEURRIAK OSO ANTZEKOAK DIRA.

Astelehen eguerdian sartzen ziren indarrean Gobernu frantsesak ezarritako neurriak eta herritarrek, gutxienez 15 egun iraungo duen konfinamenduari hasiera eman aurretik, haize apur bat hartzeko baliatu zuten astelehen goiza. Horrela, goizeko hamaiketan jendea biltzen den ohiko lekuetan oraindik lagun multzoak ikus zitezkeen; adibidez, hondartza inguruetan, parkeetan edo pasealekuetan, baina etxeratze agindua hasi orduko kaleak husten hasi ziren.

Emmanuelle Macron presidenteak astelehen gauean egin zuen agerraldian herritarrek bakarkako kirola egiteko eskubidea zutela esan zuen, baina atzo goizean neurria apur bat zehaztu eta kirola egiteko etxetik atera nahi zuten herritarrek beren irteera justifikatzen zuen agiri bat erakutsi behar zutela iragarri zuten. Hala ere, neurri horrek ez zuen eragin handirik izan, goizean kirola egitera atera ziren herritarrak asko izan baitziren.

Inprobisatzen ari ziren irudia eman zuten agintariek asteazkenean, orduak igaro ahala arau berriak argitaratzen baitzituzten, eta herritarren artean noraeza gailendu zen.

Inbutua estutzen

Agintarien inprobisazioa agerian uzten duen adibide garbia Angelun antzeman zen. Goizean pasealekuan eta hondartzan ziren herritarrak itauntzen zituen poliziak, baina ez guztiak, gutxi batzuk baizik ez. Bazirudien poliziek ere ez zekitela bakarkako kirola egitera atera zirenen kasuan zer egin behar zuten. Orduek aurrera egin ahala, ordea, autoritateen kontsignak zehazten hasi ziren eta neurrien inbutua estutzen joan zen.

Goizean zehar surflari batzuk itsasoratu ziren Angeluko hondartza desberdinetan. Poliziak horietako batzuek gerarazi zituen itauntzeko, baina orokorrean ez zen arazorik izan, oraindik kirola egiteko eskubidea zutela uste baitzuten herritarrek. Arratsaldean, ostera, surf egitea, korrika egitea edo antzeko beste edozein kirol egitea debekatuta zegoela jakinarazten zuen komunikatua zabaldu zuten autoritateek.

Ondorioz, kontrolak ugaritu egin ziren. Biarrizko erdialdean zein Angeluko hondartzetara joateko iragan behar diren biribilguneetan auto guztiak geldiarazten zituzten jendarmeek. Biarritzen, gainera, oinezko poliziek ere gauza bera egiten zuten.

Hala ere, herenegun arratsaldeko seiak aldera oraindik jende dezente zegoen Angeluko pasealekuan. Guztiek zeramaten soinean etxean inprimatutako ziurtagiria, baina ziurtagiri horren balioa ere murrizten joan zen neurriak zorroztu ahala. Mediabask-eko argazkilariari poliziek jakinarazi ziotenez, «atzo eskuzabal jokatu genuen, baina gaurtik aurrera isunak jartzen hasiko gara».

Egunaren amaieran, Angeluko hondartzetako sarrerak hesituak ziren, hondartzara jaistea debekatu zuten, baita pasealekuan ibiltzea ere. Horrela, goizean oraindik itsasoan, hondartzan eta pasealekuan jendea bazebilen ere, arratsalde amaieran inor gutxi ikus zitekeen kostaldean. Hau da, egunaren amaieran murrizketak Espainiako Estatuak ezarritakoen oso antzekoak zirela esan daiteke. Soilik etxetik hurbil atera daitezke herritarrak arnasa apur bat hartzeko, inola ere ez kirola egiteko, eta arauak betetzen ez dituztenei 135 euroko isuna ezar diezaieke poliziak.

Surf egitea debekatuta

Eguraldi onarekin jendeak hondartzara joateko ohitura duela kontuan hartuta, eta igandeaz geroztik jendeak hondartzara joaten jarraitzen zuela ikusita, Lapurdiko kostaldeko udalerriek hondartzara joateko debekua ezar zezan eskakizun bateratua egin zioten prefeturari. Alabaina, egunak aurrera egin ahala Gobernu frantsesak ezarritako neurriak gero eta zorrotzagoak zirenez, hondartzetako sarrerak ixteko udalen eskaerak ez zuen erantzunik behar izan.

Surflarien kasuan, gainera, kirol hau espresuki aipatzen dute debekuen zerrendan. Itsasoratzeko baldintza oso onak ziren atzo, eta ondorioz, surflari batzuek ezin izan zioten gogoari eutsi, baina jende pilaketak izaten diren urautsietan lasai surf egiteko aukera baliatu zuten surflariak salbu, oro har, oso gutxi izan ziren surf egitera atera zirenak. Haatik, surflarien gogoa baretzeko araudia nahikoa ez zelakoan, Jean-Luc Arassus Frantziako Surf Federazioko lehendakariak deialdi berezia egin zien surflariei etxean gera daitezen.

Ez da ohikoa Biarrizko Hondartza Handian surflaririk ez izatea, baina biarriztarrek jada ezagutu dute surf egitea debekatua zegoen beste egoera bat, hain zuzen ere, iazko abuztuan G7koek gailurra egin zutenekoa. Salbuespenak salbuespen, antzeko itxura hartzen ari da surfaren Europako hiriburua. Poliziak kalean, Le Phare bezalako golf-zelai ospetsuetako lorezainak lanean, pasealekua eta hondartza hutsak, eta surflaririk ez uretan.

Honi buruzko guztia: AIRE