GARA
BERROGEIALDI

Elkartasun musika jaialdia, auzolanean

Nor ez da musika jaialdi batean izan? Zeinek ez du mobilizazio batean parte hartu? Imajinatu al duzue inoiz zer dagoen horren guztiaren atzean? Bada, gaur eguerditik aurrera, Hatortxu Rockek ikusgai jarri du 20. edizio erraldoiaren harira kaleratutako “HTX20; Elkarrekin edozer dugu posible” dokumentala. Gaurtik aurrera jaialdiaren Youtube kanalean eskura izango dugu.

Astebete daramagu konfinamenduan. Zer litzateke hau 18 urtetan luzatzea? Urte horiexek daramatza Xochitl Karasatorreren aitak lau hormaren artean. Bera da dokumentaleko lehen protagonista. Harenarekin batera, jaialdia posible egin zuten beste 19 herritarren istorioak.

2017ko udan, Lakuntzan, Hatortxu Rockek 20. edizio berezi bat antolatu zuen. Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izan zen. 6.000 lagunen auzolan erraldoiak egin zuen posible eta lau egunetan 85 musika talde eta milaka lagun bildu ziren Sakanan.

Lan honek, 80 minutuan, hori antolatzeko auzolanera eta jaialdira gerturatzen gaitu, Iñaki Alforja iruindarraren eskutik.