2020/03/21

Adur Ezenarro*
Ordiziako alkatea
Enirio Aralar: errespetua, elkarrizketa eta adostasuna
Egindako akatsetatik ikastea dagokigu guztioi, eta legegintzaldi hau elkarrizketarena eta adostasunarena izatea da helburua

Gutun hau sinatzen dugunok, Enirio Aralarko Mankomunitateko zortzi ordezkarik eta eskualdeko EH Bilduko zinegotziok, azken gertakarien inguruko gogoeta plazaratu eta aurrera begira ikusten ditugun erronken nondik norakoak azaldu nahi genituzke.

Hainbat eremutan ikusi ahal izan ditugu aurreko legealdian izandako gertakarien eta hartutako erabakien ondorioak, herrietako bizikidetzan sortu diren ezinikusiekin hasi eta erakunde desberdinetako zalaparta politikoarekin amaituz, epaitegian amaitu duten salaketak barne.

Legealdi honen hasieran, nabaria izan da aipatutako ondorio horien arrastoa, eta gaiaren inguruan dagoen tentsioak asko zaildu du eragile eta arduradunon arteko elkarrizketa modu sano eta eraikitzailean garatzea.

Egindako akatsetatik ikastea dagokigu guztioi, eta legegintzaldi hau elkarrizketarena eta adostasunarena izatea da helburua. Horretarako, gure esku dagoen guztia egiteko prestasuna agertzen dugu, borondate honen adibide izan delarik mankomunitateko azken batzarrean hartutako erabakia, epaituen defentsa gastuak aurreratzea, hain zuzen.

Ika-mika eta zalapartatik atera eta aurrera begirako erronkez hitz egitea dagokigu. Aralarko Parke Naturala guztion altxorra da, eta erabilera nahiz helburu desberdinen arteko oreka lortzea da esku artean dugun erronka. Elkarbizitza iraunkor baterako arauak eta ekintzak adostu behar dira, erdigunean jarrita ondare eta baliabide natural, kultural nahiz historikoen babesa, lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko neurriak eta aisialdi nahiz irabazi asmorik gabeko erabilera.

Babes, neurri eta erabilera horiek adosteko, gure iritziz, ezinbestekoa da elkarrizketa oinarri hartzea eta iritzi desberdinekiko errespetua izatea, eta modu horretara lan egingo dugu. Hurrengo asteetan, proposamenak egingo ditugu elkarlana zehaztu eta aurrerapausoak emateko. Ildo horretan, dei egiten diegu gainerako erakunde nahiz eragileei, elkarlanerako luzatutako eskuari heldu eta arduraz erantzuteko.

Mezu baikor batekin amaitu nahi dugu. Ondorengo belaunaldiek ere Aralarren bizi, lan egin, ibili eta gozatu dezatela nahi dugu, eta iruditzen zaigu herrietan orokorra dela sentimendu hori. Konbentzituta gaude guztion ekarpen eta laguntzarekin lortuko dugula.

*Idatzia honakoek ere sinatu dute: Iñaki Amundarain, Amezketako alkatea; Naiara Munduate, Ataungo zinegotzia; Joli Hernandez, Beasaingo zinegotzia; Marije Insausti, Lazkaoko zinegotzia; Zelai Amenabarro, Legorretako alkatea; Beñat Diaz, Ikaztegietako zinegotzia; Iñaki Aizpuru, Itsasondoko alkatea; Xabi Lekue, Orendaingo zinegotzia, eta Xabier Irastorza, Zaldibiako zinegotzia.