Iker BIZKARGUENAGA
BILBO

Azken astean kutsatuen kopurua hirukoiztu da; hildakoena, boskoiztu

Gobernu espainolak Alarma Egoera ezarri zuenetik astea bete zen atzo. Erabaki horrek ordurako oso aztoratuta genuen bizitza hankaz gora jarri zuen, baina adituek iragarri zuten haren emaitza ez zela egun batetik bestera igarriko. Are gutxiago, neurria hala moduz errespetatzen bada, edo oraindik ere milaka lagunek lanera joateko kalera atera eta etxera itzuli behar badute. Ipar Euskal Herrian ere neurri berriak hartu dituzte iragan egunetan, baina bertan martxoaren 15ean, igandean, hauteskundeak izan zituzten.

Modu batera edo bestera, datu berriek adituek egindako iragarpena baieztatu dute, eta oraingoz ez dute lasai egoteko beta handirik ematen. Izan ere, Euskal Herrian azken astean hirukoiztu egin da koronabirusa diagnostikatu dieten pertsona kopurua. Atzo, administrazio desberdinek emandako datuen arabera, 2.400 lagunek zuten Covid-19 gaixotasuna, zazpi egun lehenagoko 782 kasuekin alderatuta hiru aldiz gehiago.

Igoera, dena den, askoz larriagoa izan da koronabirusa dela-eta hildakoen artean, joan den larunbatean 20 baitziren –egun horretan bertan, gauean, zendu zen Nafarroako lehena– eta atzo 97 orotara. Ia boskoitza, beraz.

Denbora tarte honetan, gainera, Ipar Euskal Herrian izandako lehen heriotza ezagutu dugu, Atharratzen, eta lanean kutsatuta erizain bat hil da. Ostegunean jazo zen, Basurtuko ospitalean.

Bizkaia, ia Arabaren parean

Osasun krisi hau abiatu zenetik, Araba izan da kasu gehien pilatu duen herrialdea, eta horrela izaten jarraitzen du; Gasteizen, bereziki, egoera muturrekoa da. Halere, egun hauetako hazkundeari begiratuta ikus dezakegu gaixotu kopurua bikoiztu egin dela, 400 kasutik 801era. Ez da, beraz, horrenbeste igo.

Hildakoen kopuruarekin, ordea, ez da gauza bera gertatu, 16tik 56ra igaro baita tarte honetan, hirukoitza baino gehiago.

Nafarroan, kasu kopuruak asko egin du gora; 3,6 aldiz biderkatu da, 183tik 664ra, baina deigarriena zendutakoen zifra da, esan bezala, joan den astean lehen kasua ezagutu baikenuen, eta atzo hamargarrenaren berri eman zuten. Zenbaki orokorrei begiratuta, Gipuzkoak maila apalagoan jarraitzen du, 273 kasurekin, baina hazkunde maila oso altua da, 58 gaixo bakarrik baitzituen duela astebete. Ia bost bider ugaritu dira (4,7). Eta hildako kopurua ia laukoiztu egin da, 3 kasutik 11ra pasatuz.

Edonola ere, igoera nabarmenena Bizkaiak izan du. Dagoeneko ia Arabak adina kasu ditu, 651, martxoaren 14an baino 4,8 aldiz gehiago. 135 zituen orduan. Litekeena da laster Arabak baino kasu gehiago izatea. Heriotza kopurua gehiago hazi da, ia seikoizteraino: 3tik 19ra.

Ipar Euskal Herrian, kasuak 6tik 11ra igaro dira, atzo bi berri ezagutarazi zituzten, eta bidean 66 urteko gizon bat zendu da.

Argi dago oraindik arraun egin beharko dugula estropada honetan ziabogara heltzeko.