Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Kai Nakai, reggaetonaren plaza emakumeak hartu du… euskaraz

Durangoko Azokan II. Sormen Beka irabazi zuen Iratxe Aguilera gasteiztarrak eta estudioko lanaren lehen fruitua orain heldu da. «Kolpe» du lehen singlea. Kai Nakai izen artistikoaren azaletik murgildu da musika urbanoan, reggaetonean. Euskaraz egiten du, gizonek hartua zuten espazioan emakumearena aldarrikatuz. «Dantza gustura, eroso eta libre» egin nahi du. Lantalde profesionalaz lagunduta, hurrengo azokan aurkeztuko duen diskoa ontzen ari da.

Iazko Durangoko Azokan Gerediaga Elkartearen II. Sormen Beka irabazi zuenetik dena oso azkar gertatzen ari da. Eta gauza asko gertatzen ari zaizkio, gainera, Iratxe Aguilera gazteari. Intentsuak izaten ari dira hilabete hauek. Ez du gogoratzen noiz hasi zen musikarekin duen idilioa, baina «betidanik» batek ondo laburbiltzen du.

Duela ez hainbestera arte Youtube-ra igotzen zituen bere abesti propioak beste izen artistiko baten babespean eta Chik Juarez musikari eta ekoizle mexikarra alboan zuela. Horretan ari zirela ailegatu zitzaien Sormen Bekara beren proiektua aurkezteko aukera. Gertatu zena jakina da. Eta orduan jaio zen Kai Nakai.

«Proiektu bat aurkeztu behar genuen eta ondo aukeratu nahi genuen zer bide hartu. Musika urbanoa Euskal Herrian hain garatua ez zegoela-eta, hortik jotzea erabaki genuen. Ni, gainera, emakumea izanda, esparru polita zen esploratzeko», kontatzen dio GARAri Aguilerak. Genero musikal horrek aukera handiak eskaintzen ditu, besteak beste, reggaetona. Beldurrik ez, zalantzarik ez taula gainean hori defendatzeko. Eta nola gainera.

Modu erabat ezberdin batean planteatzen du. «Euskal kulturaren periferiatik konplexurik gabeko hitzak eta erritmo dantzagarriak» plazaratuz. Euskaraz egiten du, eta ideiak argi ditu: «Reggaetona egiten dut eta nire oinarria feminista da. Orain arte gizonezkoek menperatutako estiloa eta gunea ziren eta letrak erabat matxistak ziren. Orain aldaketa ematen ari da eta horretara batu nahi izan dut», kontatzen du. Emakumeek ere genero hau egin dezaketela aldarrikatzen du; finean, «dantza gustura, libre eta eroso» egin nahi du. Ahalduntzea erdigunean jartzen duela ere defendatzen du.

Kai Nakai «proiektu apurtzailea» dela dio; honetan ere Chik Juarez du bidelagun. «Mexikarra da eta reggaetona oso ondo ezagutzen du, esentzia mantendu dugu gero gurera ekartzeko». Tremenda Jauria taldea aipatzen du. «Haiek oso zuzenak dira beren mezuak helarazten, Kai Nakai zeharkakoa da».

Diskoa, abenduan

Lan eta lan dabil beka irabaziz geroztik. Estudioko lanaren lehen fruitua da, hain zuzen, bere lehen singlea: “Kolpe”. «…zurekin ez banoa ni ez naizela ezer, hor dauzkat lagunak, pizti kuttunak, eta ez dut behar inork esatea. Badakit maltzurra naizela, goxoa, krudela zuk esan gabe. Gaur ez dut nahi negarrik…»

Plataforma digital guztietan dago jada entzungai eta Julen de la Sernak zuzendutako bideoklipa ikusgai. Aurreratu digunez, diskoak zortzi kantu izango ditu eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko du; bertan zuzenekoa ere eskainiko du. Lehenago, udako sasoi betean, kontzertuak emateko asmoa agertu du.

Gasteiztarrak ez du aipatu gabe utzi nahi proiektuaren atzean dagoen lantaldea. Jon Maia abestien letretan, Tamara Aravecia alde artistikoan, Alazne Oraa dantzagintzan, Julen de la Serna ikus-entzunezkoan eta musika eta ekoizpenean aipatutako Chik Juarez.

Ireki den etapa «gogo biziz» hartu du. Intentsua, lanez lepo; izan ere, ekoizpenari unibertsitateko ikasketak batu zaizkio. Irakasletzako lizentzia egin du, musikan espezializatuta.

Eta zergatik Kai Nakai? Bere nortasunaren isla delako. «Kai» euskara da, bere sustraiak; «Nakai» hitzak berriz indonesieran du jatorria: hitz jolasa da, eta goxoa eta bihurria izateaz mintzo da. «Hau da jokoa, honarte nahikoa, kalea zain dut, badakit. Nahi dudana jantzi, gaur lagunok hautsi behar dugu gaua erditik…»