Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Mitra Peak-eko neguko espedizioa istripua izandaamaitu da

Talde poloniarrak eginiko behin betiko saiakeran Jacek Czech-ek eta Dominik Marliz-ek ehunka metroko erorikoa izan zuten. Artatu ondoren, etxera itzuli dira. Poloniarrek oso baldintza gogorrak izan dituzte.

Udaberrian sartu berriak gara, duela egun gutxi batzuetatik. Horrek esan nahi du Himalaiako zein Karakorumeko mendilerroetan egin diren neguko espedizioen jardunak amaitu direla. Hori egiten azkenak Mitra Peak-en (6.025 m, Karkorum) izan den talde poloniarreko kideak dira.

Nahiz eta zortzimilako baten garaierarik ez duen, Mitra Peak-ek zailtasun handiak jarri dizkie poloniarrei. Gainera, alpinistok muturreko baldintzei aurre egin behar izan diete. Hori gutxi ez, eta espedizioak ia amaiera gordina izan du.

Behin betiko saiakeran ari zirela, Jacek Czech eta Dominik Marlizek atzera egin behar zutela erabaki zuten. Jaitsiera horretan ehunka metroko erorikoa izan zuten. Zorionez, bi alpinistak oso azkar ebakuatu zituzten. Egoera larria izan zitekeen, baina den-dena bere onera itzuli zen. Czech ospitaleratuta egon ostean, osatu eta bere taldekideekin etxera itzuli da.

Ia miraria

Poloniarrek Mitra Peak-era egin duten espedizioari dagokionez, zehaztu behar da berez bost ordezkari izan behar zituela. Alegia, ezbeharra izan zuten bi protagonistez gain, Janusz Golab, Jerzy Natanski eta Filip Babicz ere jardutekoak ziren. Azkenean, Golabek ez zuen bidaiatu, eta Babiczek, Batura Sar-en eginiko saiakeraren ostean, uko egin zion Mitra Peakeko espedizioari.

Behin betiko ekinaldian, berriz, Natanski kanpaleku nagusian geratu zen. Czechek eta Marlizek, aldiz, ez zuten etxera esku hutsik itzuli nahi.

Poloniarrek espedizio azkarra egin dutela esan beharra dago; izan ere, herrialdetik otsailaren 28an irten ziren. Beraz, hilabetetik beherako epea zuten.

Nahiz eta eguraldia lagun ez zuten, bi alpinistok martxoaren 13an abiatu ziren kanpaleku nagusitik. Biharamunean, tontor eguna zuten, baina ez zuten egoera oso argi ikusi eta jaisten hasi ziren. Horretan ari zirela, ehunka metroko erorikoa izan zuten. Aldats tentea zen, baina aurretik ez zegoen artesirik, erlaitzik... Soilik arroka batzuk. Aldapa arindu zenean, erorikoa eten egin zen. Min hartzeaz gain, zauri batzuk izan zituzten. Czech buruan zauritu zen: «Erorikoan, zoritxarrez, ezin izan nituen arroka batzuk saihestu eta kolpe batzuk jaso nituen».

Zorionez, une jakin horretan Pakistango helikoptero bat lanean ari zen, eta istripua bertatik bertara ikusi zuen. Beren lana alde batera utzi eta pakistadarrek bi alpinistok ebakuatu zituzten.