Patxi GAZTELUMENDI

ISOLAMENDUARI IRRIZ ETA KANTUAN

5h49: esnatu naiz eta jeiki etxe lokartuan gora eta behera ibili naiz.. Euria ari du elurraren ordez. Gogora etorri zait zenbat jendek izango ote du gogoan zer den urteak eta urteak ematea bederatzi metro karratuko gela batean itxita, egunean hiruzpalau orduz soilik patio itxi estu zikin batera ateratzen, internetik gabe, mugikorrik gabe, ordenagailurik gabe, lagunak eta senideak kristal bat tarteko ikusiz ezin elkar besarkatuz. Astean berrogei minutuz, astean bost (eta orain zortzi) minutuko zortzi dei egiteko aukera besterik ez dutela eta ez direla denak erotu, batzuk bai, eta erotu ez direnak infernu horretatik aterata ere zoriontsu direnean ere oraindik barruan su eztitan egosten dauzkaten horien lanturu mutua entzuten dutela beren barnean. (Mikel Antza)

Iturriaga
Iturriaga

Sortzen jarraitzen dute. Bakoitzak ahal bezala. Mikel Orbegozo komikilariak kartzelako isolamendu egoera dakar gogora, Unai Iturriagak GARAko bineta egiten du egunero, eta bertsotarako grina ez du galdu oraindik. Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Piti Imaz, etxetik kontzertuak ematen ari dira. Mikel Antzak poema bat bidali die GARAko irakurleei.

Dagoeneko bi kontzertu eman dituzte Aiora Renteria eta Piti Imaz bikoteak Zea Mays akustiko bezala. «Lehenengoa esperientzia arraroa izan zen. Gure lehenengo aldia, oso ondo pentsatu barik eta grabatzen genuen bitartean ez genekien grabaketa ondo zihoan edo ez. Hori kenduta, eta amaieran moztu egin zela kenduta, oso esperientzia polita» izan zen bientzat. «Bukatzerakoan zenbat jende ikusten egon zen jakin genuen» eta mezu asko jaso zituztela aitortu du Aiora Renteriak. Horregatik beste bat ere egin zuten Instagram bidez, bigarrena.

Sortzen hasteari buruz baikorra da Zea Mayseko abeslaria: «Momentu ederra da horretarako. Oraingoz badauzkagu gauzak egiteko baina uste dut egun batzuk barru zerbait egiten hasiko garela. Badaukagu ordenagailua gauzak probatzeko prest eta milaka programa ezberdin trasteatzeko. Oso momentu interesgarria da konposatzeko, idatzi eta beldurrak ateratzeko».

Unai Iturriagak hasieran bota du: «Ezagutzen nauenak badaki pazientzia ez dela nire dohain nagusietako bat. Hala ere, itxialdia nahiko ondo doala esango nuke. Goizez irakasle lanak haurrekin –lan eta ordutegiak bikain bidali dizkigute ikastolatik– eta arratsaldez beharra».

GARA egunkarirako egunero bineta egiten jarraitzen du Iturriagak, «zalantzarik barik koronabirusa da gai nagusia, nahiz eta zoritxarrez genero indarkeriak eta bestelako gai batzuek ez duten etenik izan itxialdi egoeran ere» dio berak eta «tirari heltzerakoan aurkitzen dudan arazo nagusia zera da, errealitateak fikzioa gainditu duen egoera bat bizitzen ari garela. Horri gehitu iezaiozu Whatsappez eta bestelako sare sozialetatik zabaltzen ari diren bideo, meme eta kristo guztiak… Ez dago erraz ertza topatzen egunerokoari milaka lagun horretan ari baitira etengabe. Baina bueno, laburbilduz, lehenago bezala ahal dudana egiten saiatzen naiz, noizbait nahi dudana egitera iritsiko naizela amestuz».

Bertsolari moduan lau bat saio geratu zaizkio oraingoz bertan behera. «Horrek pertsonalki ez nau hainbeste kezkatzen, besteak beste, aspaldidanik saiatu bainaiz nire txanponak bestelako bideetatik lortzen. Baina ez da bertsolari guztion egoera, ezta kultur munduan dabilen jende piloaren egoera ere». Aitortu duenez, «oso tragiko jarri gabe, egoera penagarria da gure sektorearentzat».

Mikel Orbegozo marrazten kartzelan hasi zen, eta kalean ere gogoz jarraitzen du. «Etxean itxita egoteko oraingo egoera honetan, kartzelan egon denari oso erraza egiten zaio kartzelako bizipenak eta oraindik han jarraitzen dutenak gogoan izatea. Ez dira sentsazio berriak. Itxita zaudenean askoz gehiago ohartzen zara normalean ziztu bizian doan denboraz. Denbora gutxirako baldin bada, atsedenerako baliatzea normala izan daiteke. Baina kartzelan, urteetako isolamenduari aurre egin behar diozunean beharrezkoa bilakatzen da ahal den neurrian zure denboraren jabe izatea».

«Denbora kontrolatu nahi izatea eta sorkuntza lotuak daude kartzelan, batek dakarrelako bestea, eta horrela mota guztietako eskulanak, kirolak, gutunak, idatziak… egin nituen kartzelan. Inguruarekin harremantzeko era bat dira, sortzen duzun hori maite dituzunekin partekatzen duzulako», adierazi du Mikel Orbegozok, kartzela garaiak gogora ekarrita.

Espetxeko sorkuntza gogoratuz, zera esan digu marrazkilariak: «Gehien egin dudana komiki tirak marraztea izan da, hiru liburu eta aldizkari zein fanzine ezberdinetan partekatu izan direnak. Hasi nintzenean, marraztea ez zen aurretik egiten nuen zerbait –horregatik aukeratu nuen marrazkera ahalik eta sinpleena–, eta soilik nire kideei erakusteko marrazten nuen».

«Lehen liburua argitaratu eta gero marrazteko materiala edukitzeko arazoak edukitzen hasi nintzen batzuetan, espetxeko betiko oztopoengatik. Beti nituen emergentziarako margoak kideren baten zeldan gordeak, nireak kenduz gero marrazten jarraitu ahal izateko», ekarri du gogora. «Komikiak nire sare soziala bilakatu ziren», aitortu du gero Orbegozok.

Orain etxean dagoela, aspalditik egiteko zeukan langintza bati lotu zaio. «Egiteko neukan ordenagailuz marrazten saiatzea, eta orain ari naiz lehen probak egiten. Askotan pentsatzen dut espetxean ordenagailua izan banu zenbat aurreratu izango nukeen dagoeneko, baina orain da lehen urratsak emateko unea».

Oraindik ez ditu barruan utzitakoak ahazten. «Oso gustura jarri naiz haiei gutunak idazten. Aukera polita da guztiontzako, guretzako denbora hartzeaz gainera, preso dagoen norbaiti idazteko ere tarte bat topatzea», amaitu du.